Lyon-Corbas kartzelan espetxeraturiko euskal presoen egoerak okerrera egin du azken garaiotan, horrela jakinarazi digute gure erredakziora heldu den ohar baten bitartez; udaraz geroztik kartzelazainen aldetik jazarpen maila areagotu dela salatzen dute bertan dauden sei euskal presoek sinatutako oharrean, tartean Aletxu Zobaran urduñarra.
Kartzelazainen aldetik era guztietako gehiegikeriak salatzen dituzte: senide eta lagunak iraindu izana, bikote baten semearekiko ikustadi ia guzti-guztietan arazoak sortu izana eta bikote baten barne-ikustadian besarkatuta egoteagatik ikustaldi-baimena emana zuen epailea ohartarazi eta baimena behin betirako bertan behera uztea ere salatu dute besteak beste. Kontutan hartzekoa da bikote diren gizon eta emakumeak espetxe berean daudela, modulu ezberdinetan banatuta.
Dena den, urriaren 15ean gertatutakoaren larritasuna azpimarratzen dute, izan ere ia mila kilometroko bidaia egin ostean lyonera joandako haurrari gurasoak ikustea eragotzi zioten, baimen guztiak izan arren. Kartzelazainen buruak guraso biak batera ikusiko ez zituela erabaki zuen, honek presoen protesta eragin zuen, ondorioak larriak izan ziren, Marisol Iparragirre bultza eta lurrera bota zuten, Jone Lozano ere bultzatu zuten, eta biei eskuburdinak atzean estu lotuta ikustaldien eremutik emakumeen ataleko zigor ziegetaraino eraman zituzten.
Egoera honetan, "Kolektiboaren jarrera irmoak eta sendoak lortu du beren gezurrak agerian uztea, egindako gehiegikeriaz jabetzea eta Marixol eta Jone zigor-ziegetatik atera zitzaten behartzea, jarri nahi zieten zigorra bertan behera utziz" aipatzen dute presoek igorritako oharrean. Honen inguruan emakumeen ataleko beste presoen aldetik jasotako babesa ere eskerzen dute.
Gertaera hauen ondorioz, kartzelako agintariak arazoaren tamainaz jabetu dela eta aurrerantzean Lyon-Corbaseko euskal presoen eta euren senide eta lagunen arteko ikustaldiak modu eta egoera lasai eta egokian gertatuko direla hitz eman duela azpimarratzen dute.