Urtero legez, Urduñak koroatze jaiak ospatuko ditu iraileko lehen asteburuan, bertan, mota guztietako ekimenak izango dira heldu zein gazteentzat.
Ostiralean, haurrentzako euskarazko zinema izango da Gernika plazan, 21:00etatik aurrera; ondorren, 22:00etan Hotza taldeak erromeria egingo du Foru plazan.
Larunbatean, goiz goizetik haurrentzako jolas parkea eta puzgarriak izango dira Foru plazan, arratsaldean ere bertan jarraituko dute; 21:00etan, haurrentzako antzerkia izango da Mosters Show ikuskizunarekin, ondoren, 22:30etatik aurrera erromeria Gaubela taldearekin.
Igandea izango du egunik girotsuena aurtengo edizioak, 10:00etatik aurrera, IX. Marmitako Txapelketa izango da Foru plazan, parte hartzea eta giroa ez dira falta izango lehiaketa gastronomiko arrakastatsu honetan. Jarraian, 11:00etan, Meza santua izango da Antiguako santutegian. 12:00etan, kalejira erraldoi eta buruhandiekin eta 13:00etan Santa Zezilia musika bandaren kontzertua izango da Foru plazan.
Jaiak borobiltzeko, pilota partidak izango dira Udal Pilotalekuan 18:00etatik aurrera: lehenik Emakumezkoen Pala norgehiagoka izango da Iratxe-Jone, Itxasne-Mariaren kontra. Ondoren eskuz binakako norgehiagoka izango da, Eugi-Lasa III , Goñi II-Mtz. Eulateren kontra arituko direlarik.