Ostiral arratsaldean udaletxeko balkoitik txupina botatzen denerako dena prets egon dadin buru belarri ari dira urduñar pertsona eta elkarte asko. Jai batzordea eta hiriko beste zenbait eragile azken ukituak ari dira ematen parte hartzea oinarri duten jai hauek osatzen duten egitaraua aurrera eramateko. Ostiralean hasi eta maiatzaren 15era arte jaiak ez du etenik izango.
Asteburua ekintzez beterik dator; kirolak, bazkariak, lehiaketak, dantzaldiak, kontzertuak eta abar luze batek egunak eta gauak girotuko ditu.
Frontoian Lemunok eta Ladis Galartzak material hautaketa izango dute gaur bazkalostean, 16:00etan gutxi gorabehera, ostiralean jokatuko duten norgehiagokan buruz buruko Promozio Txapelketako finalerdietarako pasea izango baitute jokoan. Berez, Jaunarenak jokatu behar zuen Lemunoren kontra baina eskuetan dituen arazoak direla eta, Ladis Galartzak ordezkatuko du. Haiekin batera, binakako partida ere jokatuko dute Pablo Berasaluzek eta Belokik, Arretxe II eta Beginoren kontra.
Ostiralean ere, Izargi taldeak erromeria egingo du Foru plazan; Herri Ikastetxean, bestalde, Urduñako Gazte Asanbladak antolaturiko kontzertuak izango dira Bad Sound System eta Esteka taldeekin.
Larunbatean, ekintza mordoa izango da: aizkolariak arituko dira Foru plazan, Herri Bazkaria eta Aurresku Txapelketa izango dira Gernika plazan, Herri Ikastexeko patioan ere kontzertuak izango dira: Hesian, Ze esatek!, Krasis eta Deiedra taldeak izango dira oholtza gainean.
Igandea, otxomaio eguna izango dugu aurten eta ohiko denez zezenketak antolatu dira arratsalde horretarako; aurten baina, zekorketa egingo da, bertan Ivan Abasolo urduñarrak hartuko du parte.