Urduñako Ezker Abertzaleak argitaratzen duen Aldarri aldizkarian iragarri duenez, hiriko diagnostikoa eta Herri Programa egiteko 200 ekarpenetik gora jaso ditu dagoeneko.
Sektore politiko honen aburuz, "Errealitate soziala eraldatu ahal izateko berau ondo ezagutu behar da. Urduñako biztanleak dira bizi duten egoera eta inguruan duten errealitatea hobekien ezagutzen dutenak, eragiten dieten egoera desberdinetan; horregatik Urduñako bizilagunen iritzi eta kezkak jasotzeari ekin diogu, modu parte hartzailean".
Asteak eman dituzte arlo desberdientan diagnostikoa egiten, inkesten bidez gaikako diagnosia abiatu dute modu mailakatuan: etxebizitza, hirigintza, gazteria, hezkuntza eta abar luze bat alegia. Berriki argitaratutako Aldarri aldizkariaren 6. alearekin gainera hiriaren egoera orokorraren inguruko inkesta bat ere luzatu zen; jasotako erantzunarekin "pozik" eta "harrituta" azaldu dira: "egindako ekarpen kopuruak Urduñako biztanleek gure hiriko erabakietan parte hartzeko duten grinaren erakusle dugu".
Diagnostikoaren ondorioak publiko egingo dituztela iragarri dute eta datozen urteotako ezker abertzalearen udal politikarako tresna izango direla.
Herri Programaren inguruan berri izateko ezker abertzaleak herrikako internet atariak prestatu ditu, Urduñako Herri Diagnostiko eta programaren berri izan dezakezue HEMEN KLIK EGINEZ.