Herenegun, Frantzia iparraldeko Willencourt herrian poliziak Alejandro Zobaran Saratxoko bizilaguna atzeman zuen beste hiru pertsonekin batera, poliziak ETA erakundeko buruzagitzako kide izatea leporatzen die. Atxiloketak izan eta hurrengo egunean, atzo, mobilizazio ugari izan ziren gure eskualdean; Urduñan esaterako, ehun bat pertsonek manifestazioa egin zuten "errepresioa ez da bidea, atxilotuak askatu" lelopean, Amurrion ere mobilizazioak izan ziren.
Saratxoko bizilaguna izan arren, atxilotutako laguna aurretik Urduñan bizi izan zen urte askotan, hirian oso ezaguna delarik; momentu honetan inkomunikaturik dago, bitartean, frantziar poliziak miaketak egiten jarraitzen du. Gaur eguerdirako beste manifestazio bat deitu dute Urduñan, 13:30etan abiatuko da Foru plazatik.