Genero-indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dugu gaur, eta mundu osoan zehar hainbat ekintza ari dira egiten gaitz honen aurka. Urduñan ere, programazioa aberatsa izan da biolentzia matxista salatzeko.
Atzotik aurrera, Udal Liburutegian gai honi buruzko hedabideen erakusketa martxan da; bertan indarkeria matxista eta emakumeen inguruko saiakera eta literatura ikusgai dago, Urduñako Udal Liburutegiko zein Bilboko Emakumeen Dokumentazio Zentroko fondo bibliografikoarekin osatuta. Liburuekin batera, genero-indarkeriaren aurkako munduko hainbat bazterretako kartelak ere ikusgai daude, lan honetan Emakundek ere lagundu egin duelarik. Honekin batera, Kultur Etxean "Te doy mis ojos" filmaren proiekzioa izan zen atzo arratsean.
Gaurkoan, aldarrikapena izango da nagusi; goizeko hamaiketan udaletxe azpian kontzentrazioa deitu du hiriko udalak. Arratsaldeko zazpietan, Urduñako Adi Emakume taldeak ere elkarretaratzea deitu du Foru Plazan.