Azken asteotan Europako Ondare Jardunaldiak egiten ari dira Urduñan. Europar Kontseiluak bultzaturiko egitasmoa dugu eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Saila ondarearen zabalpenerako ekintzak bultzatzen ari da herrialdeko hainbat udalerritan. Aurten, “Artea eta espiritualitatea” izan da jardunaldion ardatz nagusia, eta horren harira egitasmo anitz izaten ari da hirian.
Atzo Kultur Etxean, Itziar Aloriak “Retablos, un tesoro a descrubir” izenburuko hitzaldia eman zuen, jendartean erretaulen eta orokorrean ondarearen ikerketa eta ezagutza zabaltzeko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailak bultzatuta, Pedro Luis Etxeberria Goñik osatu duen erretaulen katalogoa izan zuen ardatz uneoro hizlariak.
Ondarearen Zaintza Legea ezarri zenean, Eusko Jaurlaritzak 14.000 ondasun inbentariatu zituen, horietatik 2.800 erretaulak izan dira, erlijioaz haratago manifestazio artistiko gisa duten balioagatik aintzat hartu beharreko objektuak direlarik. Debozioaz gain, funtzio artistiko eta didaktikoa baitute, hasieran eskolagabekoen artean katekismoa zabaltzea helburu izan zutelako.
Solasaldian, erretaulak ulertu eta bereizteko hainbat irizpide eman zituen hizlariak, hala nola atalak, motak, formak, egiturak, polikromiak eta abar.
Hitzaldian ikasitakoa praktikan ipintzeko aukera paregabea izango da asteburu honetan. Izan ere, bisita gidatuak izango dira erretaulak ikusi ahal izateko; 10:00etan Santa Maria elizan, 12:30ean Familia Sakratuan eta 16:30ean Antzinako Santutegian. Bertara joan ahal izateko Turismo Bulegora deitu beharra dago (945 38 43 84).