Iragan martxoan gertatutako Xynthia ziklogenesiak gogor astindu zuen Urduña; 228 km/h-ko haize ufadak neurtu ziren orduan. Kalte handiak eragin zituen ezbeharrak; teilatuak eraman zituen, pabilioi industrialak kaltetu, zuhaitzak bota, hormak birrindu eta abar luze bat.
Hirian eragin zituen kalteen aurrean, udalak konponketei obra-tasarik ez kobratzea erabaki zuen. Orain jakin da neurri horrekin, guztira, 13 obra espediente izapidetu direla. Udalak bukatutzat eman du konponketak egiteko zerga-barkatze neurriaren aldia. Guztira 7.643 euro aurreztu dituzte kaltetuek udalak hartutako erabakiari esker.