Igande honetan, Urduñako galtzadarrien gainean lasterketa herrikoia burutuko da; guztira 10.548 metro, maratoi laurdeneko ibilbide laua izango dute bertaratzen diren kirolariak.
Arando Korrikalari Taldeak antolatuta, Foru plazan izango da irteera ete baita helmuga ere, mundu guztiak hartu dezake parte eta gizonezkoen eta emakumezkoen kategorietako lehenak sariak jasoko dituzte; zehatzago esanda, lehenengo 15 gizonezkoek eta lehen 10 emakumeek; beteranoentzako proba berezia ere izango da.
Eguerdiko hamabietan emango zaio hasiera probari, baina ordu erdi lehenago Txiki Krosa eta Mini Krosa korrituko dira. Txiki Krosean, zortzi eta hamabost urte arteko gazteek parte hartuko dute 1.500 metroko ibilbidea egiteko. Mini krosean zortzi urtetik beherako haurrak arituko dira 600 metroko ibilbidean zehar.
Igandetik aurrera izango duzue lasterketan gertatutakoaren berri Aiaraldea.com-en.