Hilabete honetatik aurrera alde zaharrean aparkatutako autoen aurka udal aguazilek eta ertzainek zorrotz egingo dutela iragarri du hiriko Udalak, gune horretan autoak aparkatzeko dagoen debekua errespetarazteko asmoz.
Erabakia “bertan aparkatuta egoten diren autoek sortzen dituzten etengabeko zirkulazio arazoak eta auzokideei eragiten dizkieten eragozpenei amaiera emateko” hartu duela adierazi du Udalak. Aurretik ere Foru Plazan zein Erdi Aroko kaleetan aparkatzeko debekua bazegoen ere, hemendik aurrera neurria zorroztasunez betearaziko da, “larrialdi zerbitzuei edota garbiketa autoei ez oztopatzea eta oinezkoen harrapatzeak murrizteko” balioko den neurria delarik.
Era berean, Udalak herrikideei lankidetza eskatu die zirkulazio arauak errespetatzeko, konkretuki, aparkatzea galarazten duten seinaleei dagokienez. Momentuz gaizki aparkatutako kotxeetan oharrak jarri dituzte berdin jarraituz gero aurrerantzean zigorra izango dutela azalduz.
Urduñako alde zaharra, XIII eta XV. mendeen artean eraiki zen. Bizkaiko Erdi Aroko gune historiko handiena dugu, multzo historiko monumental eta ondare kultural izendatua. Urduñako biztanleriaren heren bat bizi da bertan eta hiriko merkataritza-jardueraren %60 hartzen du.