Arturo Ignacio Aldecoak, Bizkaiko Batzar Nagusietan PPko ahalduna, Burgoseko San Martin de Losan kokatutako enklabearen inguruan ikertzea eskatu berri du, gaur egun eremu honen egoera administratiboa ez baita argia.
XVI. mendetik Urduñaren administraziopean egon den lurraldea dugu Villañoko Hesia, eta Bizkaiko Jaurerriaren Foruak hartzen zituen. Egun, hamalau mugarrik bereizten duten lur saila da, baina bertan ez dago biztanlerik.
Gaztelan izandako komuneroen guda eta gero pasatu zen enklabea urduñar eskuetara, Carlos I.aren eskutik.
Anekdota gisa aipa dezakegu antzina inguru horietako emakumeak bertan zegoen etxe batera joaten ohi zirela beren seme-alabez erditzera, modu horretan Bizkaiko Foruek beren gain hartu eta, adibidez, zerbitzu militarra egin behar izatea saihesteko.
Aralar eta EAJ alderdiek ere duela gutxi gai honen inguruan duten kezka azaldu dute ohar ezberdinen bitartez, orain Bizkaiko Alderdi Popularrak egin duen bezala.