Ertzaintzak atzo lehiatzen ari zen LVIII. Aiarako Txirrindularitza Zirkuitua gelditzeko hartu zuen erabakiak txirrindulariak eta Amurrioko Txirrindulari Taldea asaldatu ditu. "Segurtasun neurrien ustezko gabeziak" zirela medio lasterketa bertan behera uzteko erabakia hartu zuten agenteek, lasterketa abiatu eta 20 kilometrora, Markijanan behera erorketa masiboa gertatu eta gero.
Ertzaintzaren aburuz, "bidegurutzetan behar besteko seinalizazioa eta lasterketa markatzeko jendea ez omen zegoen".
Amurrioko Txirrindulari Elkarteak, prentsa-oharra atera zuen ertzaintzak hartutako erabakiarekiko beren desadostasuna adieraziz. Txirrindulari Elkartearen hitzetan, "Klubak bi anbulantzia eta medikuak zituen lasterketaren jarraipena egiten, eta bidegurutzetan hogeitamar bolondres trebatu zituen lasterketaren kontrol lanak burutzen" gainera "Babes Zibileko lau kide, Amurrioko lau udaltzain eta bi motor gidari zituzten lasterketaren segurtasuna behar bezala bermatzeko".
Era berean salatu egin dute "Ertzaintzak segurtasun gabeziaren argudioa erabiltzen duela, lasterketa irekitzen zuen pratruilak bidean okertu zelako, lasterketa bidetik irten eta bidegurutzetan antolakuntzako kiderik ikusi ez duelako, normala denez". Horretaz gain, "txirrindulariek, kirol zuzendariek eta epaileek lasterketa jarraitu nahi zutela" azpimarratu nahi izan du txirrindulari elkarteak. Modu berean adierazi dute "agenteen dialogorik eza, informazio falta eta harrokeria, klubari ez diotelako proba bertan behera gelditzeko segurtasun arrazoien berri eman".