Atzo jokatu ziren Urduña-Arrastaria eskuz binakako txapelketako finalaurrekoak; lehenengo partidan, Fernandezek eta Bilbok Izaga eta Zumaran hartu zituzten mendean 22-13. Bigarren finalaurrekoan Buru eta Peto amurrioarrek Moli eta Txapel urduñarrei gailendu zitzaizkien 22-12. Beraz, Fernandez-Bilbo eta Buru-Petok jokatuko dute final nagusia, bestalde Moli-Txapel eta Izaga-Zumaranek hirugarren posturako lehiarekin konformatu behar izango dute.
Larunbat honetan jokatuko dira 3. eta 4. posturako partida eta final nagusia. Arratsaldeko bostetatik aurrera izango da Tertangako pilotalekuan, lehenago Urduñako Jai-Alai pilota eskolako haurrek lagunarteko binakako partida jokatuko dute eta honen ostean txapelketako podiuma erabakitzeko azken partidak izango dira.