Asteburu honetan zehar bada kirol ekintzarik Tertangan parapenteez gain; izan ere, Urduña-Arrastaria eskuz binakako Txapelketa Herrikoiaren lehenengo partiduak jokatzen ari dira gaur arrastariar herriko pilotalekuan. Goizean hasi eta arratsaldean zehar bikoteek lehia izango dute, biharko finalaurrekoetarako pasea eskuratzeko asmoz. Guztira, txapelketan parte hartzen duten hamar bikoteek jokatuko dute egunean zehar.
Goizeko 10:30etan eman zaio hasiera txapelketari, partidu inauguralean izen handiko pilotariak neurtzen ziren, alde batetik Arabako Herriarteko txapeldun berri den Guerrero eta Xabi Bera amurrioarrak, eta aurrez aurre Fernandez eta Bilbo bikote gogorra izan dira. Fernandez eta bilbo 22 eta 7 nagusitu zaizkie amurrioarrei sailkapen partiduan. Goizean zehar ere Alain-Gotxi eta Txapel-Moli bikoteek egin dute aurrera; gainontzeko norgehiagokak jokoan izango dira arratsaldean zehar.
Bihar finalaurrekoak jokatuko dira arratsaldeko 17:00etatik aurrera eta datorren larunbatean, uztailak 3, hirugarren eta laugarren geratzeko partida eta final nagusia lehiatuko dira arratsaldeko bostetatik aurrera.