Euskal gehiengo sindikalak (Ela, Lab, Esk, Stee-eilas, Ehne eta Hiru) datorren astearte honetarako greba orokorra deitua du hego Euskal Herrian; espainiar gobernuak onartutako lan erreformaren edukien aurrean langileriaren erantzuna ahalik eta ozenena izatea da haien helburua. Aipatutako elkarte sindikalek deialdi bateratua egin dute "gure eskubideak defendatzeko, inposaketarik ez" leloarekin, eta dagoeneko greba orokorrera deitzeko kanpainia bizian ari dira.
Euskadiko Langile Komisioek, beren aldetik ere, greba orokorra deitua dute egun berean Euskal Autonomi Erkidegorako, baina greba autonomoa bezala izendatu dute, beste elkarte sindikalekin ez dute ekintza bateraturik egingo, euren kabuz mobilizazeko asmoa baitute sindikatu abertzaleek jarrera frentista dutela uste dutelako.
Aiaraldean ere jo eta su ari dira sindikatuotako kideak euren aldarrikapenak lau haizetara zabaltzen, horretarako bitarteko desberdinak ari dira erabiltzen: eskuorriak banatzen, lanpostuetan langile batzarrak eta asanbladak antolatzen, plastikoa eta pankartak zintzilikatzen, kartelak itsasten, kotxe karabanak egiten, eta abar.
Datorren asteartera arte, lan eta lan arituko dira greba orokorraren deialdia luzatzen eta lan erreformaren aurkako atxikimenduak bilatzen. Greba egunean ere mobilizazio desberdinak prestatzen ari dira gure eskualdean.