Urduñako udalak hiriko Jai-Alai pilotalekuko konponketa lanen bigarren fasea hasiko du berriki. Urtarrilaren 14ean eginiko udalbatzan Estatuko Inbertsio Lokalerako Funtsari 272.150 euroko aurrekontua eskatzea adostu zen udal pilotalekuko atontzearen bigarren fasea burutu ahal izateko.
Obrak laster hasiko dira, pilotalekua erabiltzen duten Jai-Alai pilota eskolak eta Bedarbide saskibaloi taldeak denboraldia amaitu berri dute, eta datorren irailera arte bertan ez da ekintzarik izango. Talde hauek kezka helarazi digute lan hauek luzatzeak euren jarduna baldintzatu dezakelako; irailerako pilota eskolako haurrak entrenatzeko asmoa dute eta Bedarbidekoek hogeita hamargarren urteurrena ospatzeko Bizkaia Bilbao Basketen kontrako partidu handia antolatu dute datorren urriaren 14rako.
Burutuko diren lanek, frontoiko konponketaren bigarren fasea osatzen dute; 2007 urtean 446.641 euroko inbertsioa egin zen teilatua konpontzeko, eta orain sarrerak, aldagelak, berogailu sistema, gimnasio bat eta beste zenbait lan egingo dira 1931. urteko pilotaleku honen eraberritzea osatzeko.