Otxomaio jaietako txupinazoa bota eta ordubetera, eskupilota partidak jokatu ziren hiriko Jai-Alai pilotalekuan. Urduñako Jai-Alai pelotazale elkarteak antolatuta bi norgehiagoka izan ziren jokoan.
Lehenik, BerasaluzeVIII-Begino eta Salalegi-Apraiz bikoteak aritu ziren nor baino nor. Hasieratik dirua gorri izan zen eta ez zen ezustekorik gertatu, Berasaluzek eta Beginok aise lortu baitzuten markagailuan aurretik jartzea, Apraiz gernikarraren hutsek lagunduta; orduan heldu zen Saralegi eta Apraizen erantzuna 15-6ko markagailua ia berdintzea lortu baitzuten. Azken txanpa oso orekatua izan zen eta tantoen domeinua bi bikoteek tartekatzen zuten, horren lekuko amaierako markagailua: Berasaluze-Begino 22, Salaberria-Apraiz 20.
Partida horren ostean, Leiza eta Beroizen arteko buruz burukoa jokatu zen. Promozio txapelketako A taldearen lehenengo postua zuten jokoan; Retegi Bi lehen mailara igo baita eta sailkapenerako lehia izan behar zuenak, lehen postua eskuratzekoa izan zen azkenean. Partida oso orekatua izan zen, Leiza sake-erresto eta airezko jokoan nagusi eta Beroizek bere indarra sake gurutzatu eta buruz gain pasatutakoak eraginez. Atzelari uhartearrak hormabiko ederrak ere egin zituen nahiz eta tantoak bukatzeko dituen gabeziak agerian geratu ziren behin baino gehiagotan. Leizak airez min egin zion Beroiz nafarrari eta partida erabat orekatua izan bazen ere azkenean 22 eta 17 gailendu zitzaion Aspeko atzelari gazteari.