Aurreko mendeko 6oko hamarkadan, euskara eta euskal kultura zokoratuta eta galarazita zegoen garaian, hainbat euskaltzale euskaraz ikasteko eskolak eraikitzen hasi ziren, ikastolak eraikitzen hasi ziren. Mugimendua herriz herri zabaltzen joan zen eta ikastola sare zabala eraiki zen eta Ikastolen Elkartea egituratu. Nazio mailako erakundea da, Euskal Herriko zazpi lurraldeak bere baitan hartzen dituena, eta juridikoki interes ekonomikoko europar elkarte gisa egituratua.
Ikastolen sarea eta Ikastolen Elkartea Euskal Herriko hezkuntza euskalduntzen joateko ernamuina izan ziren pasa den mendeko 60 eta 70eko hamarkadetan. Haien ekarpena ezinbestekoa izan da hezkuntza euskaldunaren bidean eta euskararen berreskurapenerakoan, beste hainbat eragilerekin batera, eta elkar Fundazioaren ustez merezimendu osoa dute sari hau jasotzeko.
Ikastolek hezkuntza euskalduntzeko egindako ekarpenaren parte da eskolarako materiala sortzeko egindako lana, Euskal Herrian eta euskaraz sortutako materiala.