Zorionekoak Laudioarrok, zuzeneko musikaren panorama pizten ari zaigun garaiotan! Nork esan behar zigun oporretatik bueltan gure herriko jaien programa hartu eta lotsatzera ohituta geunden herritar sufrituei hainbesteko eskaintza musikala izango genuela! Ez da txantxa: asteburu berean Igor Arzuaga eta Luis Vil ostiralean (bakoitza bere aldetik, indarrak batu baino lehen) eta larunbatean jaialdia Aldaikoerreka plazan.
Eskertzekoa da Sorgin tabernak eta Drumgorrik erakusten duten iniziatiba eta ausardia asterik aste proposamen ezin interesgarriagoak eskaintzeko. Bejondeiela batzuei zein besteei!
Baina larunbateko jaialdiak eman zuen, batez ere, zer pentsatu, izan ere ulergaitza da arrakasta izan dezaketen euskal taldeak hain gutxitan hurbildu izana nora eta Arabako herri garrantzitsuenera. Adibide bat: euskaraz abestuz arrakasta gehien lortu duen musikaria, gustatu ala ez, ez al da duina gure artean jotzeko, 25 urterik behin bada ere? Lehenago joko al du Mecanoren bertsioak egiten dituen talde batek?
Arrakasta aipatu dut, eta gogoratu dut antzina antzezlanen arrakasta neurtzeko antzokiaren ateetako gorotzari erreparatzen zitzaiola, bertaratutako zalgurdien berri ematen baitzuen. Egun badago hainbat parametro arrakasta antzera neurtzeko, eta duda izpirik gabe aipatu jaialdian indize altuak izan ziren. Biharamuneko txiza usaina da neurgailu fidagarrietako bat… baina badago datu errefutaezin bat, kontzertura hurbildutakoak asko eta gogotsuak izan zirela frogatzeko: txoznako garagardoa bukatu egin zen.
Eta kontzertuak, musikari dagokionez? Bada, primeran!