Labetik atera berri du La Phazek bere azken diskoa, eta dagoeneko ohartu naiz autoan entzun eta isunak pilatzeko aproposa izan daitekeela. Drum´n bass gupidagabea rockaren indarrarekin nahasten dute aurreko lau diskoetan bezala, edo beraiek sortutako neologismoa erabilita, pungle-a izango litzateke fusio horren izena, punk gehi jungle, alegia.
Produkzio zainduarekin distira atera diete ohiko erritmo elektronikoei, eta dantzarako base horien gainean gitarra surfero eta seventie-ak, hainbat ahots erregistro, raggatik punkera, eta konpromisorik galdu ez duten letrak. Nanteseko hirukoteari, gainera, laugarren musikari bat batu zaio, LP honetan lortutako soinu bikainaren pareko zuzenekoak emateko: energia gehiago gure proteina irabiatuarentzat.
Agerikoa da Psalms and Revolution honetan laupabost single daudela gutxienez, eta aurkezpen biratik haratago iraungo dutela taldearen errepertorioan: control panel, the battle, eta diskoari izena ematen dion hau, besteak beste.
Heletako aldapan, EHZ festibalean, izango dugu direnik eta zuzeneko onenetakoa duen talde honekin gozatzeko hitzordua, gure buru karratuak kamusteko terapia musikalean. Ziur iaz festibala bertan behera uzteko zorian izan zen ekaitzaren parekoa izango dela La Phazen haize-zurrunbiloa.