Sasoiko dago Txantreako aitona, rockero zaharren betiereko gaztetasunaren fraskotik aski edanda eta sormen-inkontinentziaren ajearekin. 92tik diskorik kaleratu gabe zen Txarrena taldearen lan berriena atera da Barricadaren ezdakitzenbatgarrena iruzkintzeko astirik utzi gabe ia.
2009an La tierra está sorda atera zuen talde iruñearrak, disko hunkigarria hitzez nahiz doinuz, eta bide ertzeetan hilobiratuen gainean eraikitako faltsukrazia espainiarra rockarekin kolpatzeko duintasun ariketa. Joseba Tapia, Bide Ertzean … eta Barricada guda zibilaren gainean disko tematikoa egin duten musikarietako batzuk dira, arrenkura eta amorrua inspirazioaren bizilagun diren seinale, agian.
Iazko urte amaieran En la memoria CD eta DVDarekin proiektuari jarraipena eman zioten, akustikoan La tierra está sorda diskoaren aurkezpenaren lekukotza jasotzeko. Izan ere, mamituta zeukaten diskurtso eta dokumentazio lana ikastetxeetan eta guda zibilaren zenbait eszenatokitan zabaldu baitzuten, belaunaldien arteko loturaren eta memoriaren garrantziaz jabetuta.
Ez da formato elektriko eta akustikoak tartekatzen dituzten lehen aldia. Duela urte batzuk Latidos y mordiscos disko bikoitza atera zuten, sentsibilitate bikoitzarekin euren karrera errepasatzeko.
Konplexurik gabe, atzera begira baina antzinako arrakastan apalankatu gabe, irakasle onak bezala. Jaso dezagun lezio hau, lezioa, adiera guztietan.