Tipo ona ematen du Kiko Venenok, rollo ona azalkeriarekin nahasten ez duten horietarikoa, eta nola etikaz hala musikaz, mundu honetan bere arrastotxoa utziko duena. “Puro veneno” errekopilaketa izan zen lehenengo soldatarekin erosi nuen diskoetako bat. 1999 hartatik ziztuan pasa dira 12 urte eta “Dice la gente” lan berria da atera duen azkena.
Kilometro asko egindako musikaria, titular ederrak utzitakoa, abesti ederragoak eta hamaika kontzertu: Camaron de la isla, Amador anaiak, Martires del compas… horiek eta beste batzuk izan ditu orain arteko bere bidaia musikalean bidaide.
Runba eta flamenkoa atzerrian bereganatu zituen, Dylan eta Zapparen eraginak jasotzearekin batera. Mundu ikuskera ireki horrek Afrikako sustrai musikal eta kulturalak ikertzera ere eraman du.
Azken disko honetan nabarmen nabari da Kiko Venenoren bitalismo eta umorea, berriz ere bizitzaren ikuspegi interesgarri eta moderno batetik irteten direla, bere musikak edaten duen iturri umil eta jator horretatik.
“Mercedes blanco”, “Lobo Lopez”, eta “Echo de menos” mitikoak oraindik gustura entzuten dituenak gustura jasoko ditu mitiko bihurtzea zailago den garaiotan disko honetako 12 abestiak.