Harry Potterren liburuetako tren geltokietan nola, gizaki arruntok taberna itxiak edo trago garestiak dakuskigun une berean Bilbon bada unibertso paralelo bat non jende moderno eta erromantikoa gauero hiltzen den. Bada, unibertso horretako zirrikituren batetik iritsi da Split 77ren hirugarren diskoa.
Disko homonimo eta autoproduzitua, Noizpop zigiluarekin salgai dagoena. Izenarenak badauka bere mamia: taldearen izen bera jarri diote euren lengoaia musikalari justizia egiten dion lehen diskoa delako, aurrekoak ikaskuntzakoak izaki. Guztira 10 pista dira rocka eta elektronika uztartuz konposatutakoak.
Hanka bat Gorordoren Bilboko kultura-politikan eta bestea Montoiak erretako Euskal Hirian baleukate lez, azken urteetako euskarazko rock taldeen eszenatik arras desberdina den estiloa da Split 77rena, musikalki nahiz estetikoki. Itoizek besteko aurpegi zurbil eta gorputz meharrak dantzan gero eta errealagoa den Bilbo paraleloaren sarbidean. Ongi etorri zonbiak euskaraz mintzo diren diskora.