Txarra izatea ezinezko zaion horietarikoa da “Txinaurriak, Mikel Laboari ikasitako kantak” diskoa, irrati eta aldizkari komertzialetan erabiltzen den “Urteko diskoa” etiketa mereziko lukeena.
Argudioek berunaren pisua dute: hitzez azaldu ezin den Laboaren ondare musikala Euskal Herriko talde interesgarrienetakoek berrikusita. Nahita ere ezin liteke emaitza eskasa atera. Ardoa eta gazta konbinatzea bezalakoa da, zentzu horretan.
Ez da Laboaren abestien lehen berrikuspena. Talde askok, banguardiakoak zenbaitetan, omendu eta bertsioneatu dute bere abestiren bat, eta duela zenbait hilabete Iñaki Salvadorren diskoa komentatu genuen, Mikel Laboaren itzal amaiezinaren islada.
Disko honek, ordea, 1990eko “Txerokee” diskoarekin du lotura estuena. Orduan, Xabier Montoiaren ekimenez hainbat rock taldek jo zituzten, euren ikutua emanez, Mikel Laboaren zenbait abesti: Negu Gorriak, M-ak, BAP!!, Delirium Tremens, Tapia eta Leturia ziren orduko musikaren lehen lerroa.
Hogei urte beranduago badira aldatu ez diren zenbait gauza, besteak beste, abesti horiek duten indarra, lurraren erdigunetik gertu sortuak diruditenak (aintzinakoak eta orobat futuristak), eta arriskatzera ausartzen diren talde gazte eta ez hain gazteek abesti horiei dieten miresmena.
Akauzazte talde esperimentaletik Ruper Ordorika kantautore esperimentatura doan abaniko zabala da disko honetako protagonista. Euskal rockaren allstar-a: Willis Drummond, Ama Say, Inoren ero ni, Atom Rhumba, Audience, Mursego, Berri Txarrak eta abar bitxi bat. Tradizioa eta abangoardia eskutik hartuta maixuaren bidezidorretan barrena.