1997an sortu zenetik, Zea Mays taldeak zalaparta handirik atera gabe lortu du Euskal Herriko musikaren barruan erreferentziazko leku bat edukitzea. Indarra eta melodia gutxik bezala uztartzen duen pop-rock banda honen berezitasun adierazgarrienak hasieratik arreta piztu zuten berak dira: Aioraren ahots eskerga eta doinuen bitalismoa.
“ERA” da euren seigarren eta momentuz azken diskoa. Bertan abesti zuzen eta freskoak topa ditzakegu, Zea Maysek ohi duen emozioarekin belarriratzen direnak. Rock zuzena, zenbaitetan sintetizadoreekin jantzia. Ez dute inolako formula sekreturen beharrik abesti onak idatzi eta disko eder bat taxutzeko.
Lehenengo single-a nola Kukutza III-n hala lehen Ramones entzuten zuen irrati esatari ez hain gazte eta agian histrionikoaren emisoran entzun daitekeen pop abesti onena da. Eta onena ez bada, bihotza gehien xamurtzen duena behintzat bai.
Aipatzekoa da nola kudeatu duen taldeak disko honen banaketa: izan ere, euren zuzeneko agerraldietan oparitzen baitituzte (sarreraren prezioaren barruan, alegia). Hatortxu Rock-era zoaztenok, beraz, baliteke diskoaren jabe izateko aukera izatea, ostiral gauean Kerobiarekin batera jotzekoak baitira.