Mundutik Euskal Herrirako bidaia musikala da Bunpada Sound taldeak ekarri digun “Anitzak Hitzak” diskoa. Bertan 10 pista ematen dizkigute gurera etorri ginen eta etortzen ari direnen bidaien atzean dauden istorio eta historiak bilatzeko.
Hip hop-aren autobusean igo eta aniztasunaren ibilbidean hainbat geltoki egiten dira diskoaren entzunaldian: Euskal Herria, Maroko, Angola, Irlanda, besteak beste. Askotariko estiloak eta hari berari tiratzen dioten letrak. Anitzak doinuak eta anitzak hitzak.
Disko hau gizarte ekimen baten baitan sortua izan da. “Anitzak ekimena Euskal Herritik kanpo etorritako pertsonez osatutako herri ekimen bat da, koiuntura zehatz batean sortua, negoziazio prozesu bat abian zegoela eta hasierako asmoa prozesu horren alde egitea izan zen. Horrekin batera, aldiz, Anitzakideak pertsona migratzaileen eskubideak eta Euskal Herriari, nazio gisa, dagozkion eskubideak bateragarriak direla irmoki sinistuta daude”.
Ez da ekimen honetatik adierazpen musikal bat atera den lehenengo aldia. Aurretik bertsolaritza eta hip-hopa uztartzen zituen ikuskizun bat taularatu zuten, Xabier Silveirak MC Txirrita DVDan jaso zuena.
Euskal kultura tradizionala, munduko musikak, azken hamarkadetako erritmoak, denontzako eskubideen mezua eta hau guztia biltzeko gaitasuna hamaikagarrenez frogatu duen hip-hopa.
Hemen eta gaur, ez dago soinu banda aproposagorik.