Bere seigarren diskoa aurkeztu du aurten Groove Armada Cambridgeko taldeak, Black Light izen ezinezkoarekin eta Ministry of Pies zigiluaz. Bertan, nola ez, elektronika da nagusi, baina aurrekoetan ez bezala 80ko hamarkadako elektropoparen oiartzunak ageri dira 11 pistetan zehar. Beti eboluzioan dagoen bikotearen azken urratsak, eta urratsen erremixak.
Dance, elektro eta indie-aren artean, sintetizadoreei gitarra melodikoak eta ahotsaren presentzia handia gehitu dizkiote. Nahasketa club dekadente batean primeran jarritako bloody mary bat hartzeko modukoa da… baina, tira, etxean edo autoan entzuteko ere ez dago batere gaizki.
Ezinbestean, soinuan atzera egite horrek, New Order eta halako taldeak gogorarazten dizkigu…hori bai, 2010eko perspektibarekin. Nolanahi ere, hamarkadak hamarkada, zeresana ematen ari den diskoa da.
Aurreikuspenek diotenez, ez dago udako arrakasta izateko moduko abestirik, eta aurretik egin dutenarekin apurtu izanak taldearen zale asko zur eta lur utzi ditu, gustuko dutenentz ez dakitela. Halabaina, teknikoki disko bikaina dela ezin ukatu, eta udan gehien praktikatzen duzuen abentura-kirola clubbing-a bada, ezinbestekoa.
Disko eta elektroa gustuko ez baduzue, aldiz, abertsiorako arrazoi bat gehiago.