Lehengo astean jaialdiei buruz hitz egin genuenetik eguzkia lagun izan dugu, datorrenaren aurrerapen bat eginez bezala, Heletan agertzeko gogotsu balego bezala, ehz jaialdirako sarrerak saldu nahiko balitu bezala… Jaialdiari buruzko lehenengo entregan musika elektronikoak izango duen presentziaz aritu ginen, eta bigarren eta azken honetan, berriz, gainontzeko guztiaz arituko gara (ahal den neurrian eta laburtuta jakina!).
Hasteko, aurreko astean urduritu ziren elektrofoboak lasai egon daitezke, jaialdiaren musika menua benetan zabala da eta. Rock gogorra atsegin duenak badauka Gojira edo Berri Txarrak ikusteko aukera, reggaezaleek Alpha Blondy entzun ahal izango dute, mozkortiek Bizardunen festarekin bat egin eta erromantikoenak kanpindendatik atera ahal izango dira Mikel Urdangarinen emanaldira sikiera. Eta hau guztia parte txiki bat baino ez da. Festibalaren webgunean ikusi entzun eta ezagutu ditzakezue talde guztiak, baita zein egunetan joko duten ere.
Baina musikari buruzko zutabe honetan tranpatxo txiki bat egin eta festibalaren izaera azpimarratu nahiko nuke, musika taldeak, abestiak, doinuak eta notak gorabehera… izan ere, aisialdia antolatzeko eta bizitzeko bideak eta ereduak ez baitira berdinak. Eta kultur kontsumoaz ari garenean komeni da noizean behin gure sosak nondik nora doazen pentsatzea.
Honenbestez EHZ elkartearen izaera nolakoa den azalduko dut beraien hitzekin: zabala, independentea, aktore engaiatua, herrikoia-popularra, kultur bultzatzaile, gaztea. Heineken bezala.
Eta hauek dira bere posizioak: euskalduna, abertzalea, internazionalista, feminista, antikapitalista, sexu askatasunaren alde, bazterketa guztien kontra, eskubide zibil eta politikoen alde, justizia sozialean oinarritzen den jendarte baten alde. BBK bezala.