ESKU BARRUAK
Argazki bat behelainoan
Musikaren krisia, sormenaren krisia litzateke… eta zer nahi duzue esatea? Kobazuloetako artetik gizakiaren bilaketa estetikoak etenik izan ez badu, ez dut uste soinu-formato batek, gehiegizko droga-festek edo Operación Triunfok musikaren krisia eragin dezaketenik. Izatekotan, diskoen salmenta, eta agian musikari batzuk egon daitezke krisian, baina krisi ekonomikoan. Aro digitala, doakotasuna, urrezko arrautzen oiloa, industria, Ramoncin… gai honi buruz hitz egitean errepikatu ohi diren hitzak dira, askotan errepikatu ere.
Diskoa baliodun objektu gisa saldu nahi izan ziguten, eta objektu-erosle bihurtuak gintuztenok, aurretik zintekin egin bezala, bide alternatiboak bilatu genituen objektu haiek gordetzen zutenaz jabetzeko.
Dena zen ederra garai hartan, baina, gauza ederrek ez dute luzaro irauten, eta inprimagailuetako tinta karatulak inprimatzen agortzen zuen izaki zoriontsuak gaitz berri bati egin behar izan dio aurre: opulentziari. Musika gehiegi daukagu eskura. Mokadu goxoa eta okadaren arteko alde bakarra kantitatea da. Eta musika dosi erraldoietan izateak zera dakar: ez dugula musika entzuten, musika mugitu egiten dugula. DVD batean hiru talderen diskografia osoak? Irentsi ezina.
Baina Informazio-Komunikazio-Teknologia munduaren aje hauek gorabehera, sormenak ez du etenik izan, eta tresna edozein dela, bitartekoa bere sorkuntzaren alde erabiltzen duenik badago.
Honenbestez, hauxe oraingo gomendioa: Esku Barruak. Argazki bat behelainoan webguneko egitasmo musikal-multimediaren azken ekarpena. Ikutu esperimentala duten doinuak, gune bereko argazkiak ikusteko soinu banda ezin hobea direnak.
Egungo musikaren paradigma izan daiteke: autoproduzitua, doan edonoren esku jarria, mimoz jantzia eta sareko giza portaeraren jakitun dena. Eta ez dut zertan gehiago luzatu; honezkero beste leiho bat irekiko zenuten eta idatzi: www.argazkibatbehelainoan.org.
On dagizuela, neurriz eta tamainan!