Zer Diño aldizkariaren 14. urteurrena dala-eta, Berbaz Kultura Alkarteak bertso afaria antolatu auen atzo herriko eskolan
Aspaldiko ohitureagaz segiduta, aurten bere bertso afaria antolatu dau Berbaz Kultura Alkarteak. Aurtengo bertsolariak Jon Maia eta Sustrai Colina izan dira.
Afal aurretik kalejirea egin zan herriko tabernetatik trikitixa eta panderoa lagun. Giro ederra egon zan herrian eta apurka-apurka joan zirean afarikoak batuten. Gero, iragarri legez, eskolara joan zirean afalduten.
Bertsoaldi bi egin auriezan bertsolariek. Ordubete inguruko saioak biak eta bertso ederrak entzun ahal izan zirean tarteka. Noz bertso serioak, noz barregarriak…eder asko, edozelan bere.
Entzuleak pozarren joan zirean etxera barre batzuk eginda tripea ederto bete eta gero. Izan bere, Bego Respaldiza sukaldariak egineko porrusaldea eta piper beteak ederto sartu jakiezan bertsozaleei.
Orozkora datozen bertsolari askoren gaia izaten da Bizkaia-Araba mugaren kontua eta atzo Jon Maiak ederto aprobetxau auen barriro bere. Aikomen, horren gaiorren inguruan entzun zan bertso pare bat.
Jon Maia:
Bilbainoak baldin badaude
horra nire bilbainada.
Bidai luzean autopistatik
honaino iritsi gara.
Geografiaz galdetu nahi det
ordua heldu da jada:
Ba al dakizu Orozko zer den?
Bizkaia ala Araba?
Sustrai Colina:
Maia frogatu nahi al zenuke
nire berezko nibela?
hori dela ta utzi gaituzu
bakarrik ni ta arbela.
Batzuk diote Bizkaia dela
besteek Araba dela
ta nik denei esaten diet
danak naparrak garela.