Gaur hasiko dira, arresteiko 7etan, San Antolin jaiak.
Txupinazoaren ostean pelota partidak egongo dira eta gauean, 21:00etan, bertso trama egongo da Amets Arzallus, Igor Elortza, Onintza Enbeita eta Fredi Paia bertsolariekin. Hau ekitaldiau Berbaz Kultura Alkarteak antolatu dau eta bertako kideak dinoenez, “aspaldi antolatu gendun bertso trama lehenengoz Orozkon eta aurten barriro antolatutea pentsau dogu. Atzenengo urteetan bertsolarien ostean teatroa egon izan da, baina aurten biak baten, zelanbait esatearren, antolatu doguz”
Eguenean izango da San Antolin eguna. Goxean gox, 10:00etan, San Roque musika bandak zabalduko dau jai-eguna kalejireagaz. Mezea, garrafa lehiaketea, zekorketea eta erromeria izango dira eguneko ekitaldi nagosiak.
Barikuan umeen eguna izango da eta urtero legez, hainbat ekitaldi dagoz antolatuta herrian zehar. Goxean pintura lehiaketea egongo da eta era guztietako jolasak. Kukañea eta ur jokoak bere bai, eguraldiak galarazoten ez badau. Arresteian txokolatea banatuko da eta gero berbenea egongo da “Gaur Jaia” taldeagaz herriko plazan. Mozorro lehiaketearen eta honen osteko zaldi-proba ekitaldiaren ostean berbenea hasiko da gaueko 23:30etan Akerbeltz taldeagaz.
Astegoienean sartuta, Berakatz Eguna izango da zapatuan. Gazteen eguna Sama Siku fanfarriagaz hasiko da goxeko 10:00etan. Herri kirolak egongo dira egordian herriko plazan eta herri bazkaria 15:00etan frontoian. Arresteian errekortadore lehiaketea egongo da zezen plazan eta 20:30etan herrian zehar euskal kanta zaharrak zein barriak kantetako aukerea egongo da Taberna Ibiltaria taldeagaz. Igaz bere egon zan herrian hau taldeau eta arrakasta itzela izan auen orozkoarren artean. Eguna amaituteko profesionalen pelota partidak egongo dira eta kontzertua Gozategi eta Hesian taldeakaz.
Domekan jubilatuen eguna izango da. Marmitako lehiaketeak zabalduko dau jaien atzenengo eguna eta sariak 14:00etan emongo dira.
12:00etan mezea egongo da herriko jubilatuen omenez eta horren ostean euskal dantzak egongo dira herriko plazan Orozkoko Ubixeta dantza taldeagaz eta Intxarkundia taldeagaz. Jubilatuen bazkaria izango da gero eta ostean zekorketea egongo da. Zezen plazakoak amaitu eta gero, herriko plazan erromeria egongo da Drindots taldeagaz eta hau amaitu eta gero, gaueko 12:00etan jaien amaiera trakea ixituko da.