Lehengo larunbataz gero, hilak 29, martxan dago "Amurrion erosketak euskaraz" kanpaina. Hirugarrenez antolatu da eta lau helburu nabarmendu dituzte kanpaina honen arduradunek. Lehenengoa merkataritza arloan euskararen erabilera sustatzea da eta, horrela, amurriarrei toki askotan egin daitekeela euskaraz erakustea eta horretarako aukera ematea.
Horrez gain, parte hartzaileen arteko ibilbidea sortu gura da, hau da, toki batean lortzea saria eta beste batean jasotzea eta eragileei dagokienez, hauei publizitatea egitea.
Kanpainak irauten duen bitartean, maiatzaren 29tik ekainaren 20ra alegia, erosketa egiteko orduan euskara erabiltzen duenari, bakoitzak ahal duen neurrian jakina, "karraskatu eta irabazi" txartel bat emango zaio. Txartelak parte-hartzaileek jarritako oparietako bat izan dezake. Hala bada, dagokion saltoki, denda edo tabernara joan beharizango du saria eske.
Txartelak saririk izango ez balu, egingo den zozketan parte har dezake bezeroak. Norbere datuak txartelean idatzi eta bertan dauden kutxetan sartu baino ez da egin behar. Aukera honetan bi sari egongo dira: Lesakako Atxaspi hotelean asteburua pasatzeko aukera eta 100 €-ko txartel bi parte hartzen duten establezimenduetan gastatzeko.
Kanpaina antolatzeaz Ahize hizkuntza aholkularitza, Amurrioko Udala eta Euskaraz Bai arduratu dira.