Urtero legez, aurten bere Ermitarik Ermita ibilaldia antolatu dau Itxinape Mendiko Taldeak. Goxeko zazpiretan urtein daurie mendizaleak herriko plazati eta lehenengo Muruetako San Pedro ermitara joan dira . Handik, Santa Marinara eta Katadio auzoko Santiagoti pasatuta, Arbaitzaldera joan dira San Isidro ermitara. Erdiguneko alde batetik bestera pasau dira gero, izan bere, San Migeleti, Ibarra aldera jo daurie. Han, San Roke, San Lorentzo, San Pedro, San Bartolome, San Martin eta, atzenean, Goikiriko Andra Mari ekosi dauriez. Horren ostean, apurka-apurka herrirako bideari ekin dautsie Jauregia auzotik, Santa Katalina ermitati, Zubiaurreko San Juaneraino.
Ermitarik Ermita ibilaldia geitu arren, ermitetati ezeze parrokietati bere pasetan da hau ibilaldiau. Atzen baten, herriko elexa guztiak ekostea da helburua, ez bakarrik ermitak.
Urte asko da hau ibilaldiau antolatuten dauela herriko mendi taldeak eta, egia esan, jente askok parte hartuten dau urtero, eguraldi ona egiten dauenean behintzat. Izan bere, ekainean Hiru Handiak ibiladia egiten dan urtean, urte birik behin egiten da eta, askok horretarako sasoia hartuteko aprobetxetan daurie. Aurten bere halantxe izan da; animotsu ekin dautsie 30 km inguruko ibilaldiari sasoi puntua hartuteko.
Bide erdian, gitxi gorabehera, Ibarrako San Roke ermitan hamaketakoa egin daurie; Itxinape Mendi Taldeak eroanda, urdaia, kafea edari freskoak...danerik euki daurie mendizaleak.