Lehengo domekan, aprilak 18, Orozkoko plazan kontzentrazinoa egin aurien bertako herritarrak udal etxebizitzen prezioa dala-eta. "Etxebizitzak Orozkorako moduko prezioan" izan zan lemea eta, lemak berak dinoan legez, atzenengo urteetan pisuen prezioan egon dan igoerea salatu aurien pisuen zain dagozanak, horreen gurasoak, senideak eta lagunak, bertako herritarrak, inguruko herrietako ezagunak...jende askok egin auen bat kontzentrazinoa antolatu aurien gazteakaz.
Orain dala sei urte 99.167 euroren truke, hamasei miloa eta erdi pezeta (B.E.Z barne), saldu zirean udal pisuak eta orain 198.334 euroan, hogeita hamairu miloa pezeta, saldu gura ditu "Zubiaur Eraikuntzak enpresak", hau da, prezio doblean. Erosleak ez dagoz bapere konforme horregaz preziorregaz eta atzenengo hilabeteetan enpresako arduradunakaz hainbat batzar egin ostean, lehengo domekan herritarren laguntasuna eskatu aurien kontzentrazino bategaz, jai giroan eta hamaketako baten inguruan egin zan kontzentrazinoagaz.
Protesta geitu aurien herritarrak pentsetan daurie pisuen prezioa ez dagoala Orozkora egokituta, euren ustez, kontuan hartu beharko letzike herria ez dagoala ondo komunikatuta inguruko herriakaz, eta ganera, Orozkok daukon azpiegiturea ezin dala ingurumariko herriakaz (Laudio, Luiaondo, Amurrio...)konparau. Udaletxearen aldetik laguntasun handiagoa eskatuten daurie, eurak dinoein moduan, "hemen biziten segidu gure dogun herritarrak gara, izan bere, geuretzako bere, alkate jaunarentzako legez, Orozko munduko herririk onena da".
"Zubiaur Eraikuntzak" enpresako arduradunak erabilten daurien argumentua da etxebizitzak egingo direzan lur zatia sano karua izan dala, hori dala-eta, pisuen prezioak bere gora egin dauela.