SOSLAIA

Eman eta zabaldu

Iragan astean zendu zen Julia Barberena.

Lehengo astean Julia Barberenaren “bidaia”gaz esnatu ginen. Berak nahi duen moduan, azken momentura arte lan eginda joan da. Zorionekoa zu, Julia, azken desioa bete barik hainbat jende joaten da eta!

Orozkoko ogia egiten duela esanda, askok esaten dio bere hizkera ez dela orozkokoa…Julia Zugarramurdiarra da, “sorginen herrikoa”, eta gazte-gazterik Orozkora etorri zen krida, Epaltzatarren jauregira hain zuzen ere. Gizaldi erditik gora urte egin ditu Orozkon, guretzako orozkoarra da, Zugarramurdiko orozkoarra. -Berbaera ezberdina du Juliak, gozoa, esaten du orozkoar askok. 

Eta hizkera gozo horretan transmititu diguna neurtuezina da. Gazte euskaldun askok transmisioaren bidez ikasi ditugu hainbat eta hainbat lan, ohitura, hizkera…Juliak ere utzi digu bere aletxoa Orozkon. Bere hizkera gozo bezain sarkorrarekin azaldu dit behin baino gehiagotan zelan egiten duten eurak ogia, ze bizimodu daraman Presatxu baserrian...beste batean esana dudan moduan, transmisioan sinesten dugunontzat eredu izan da Julia. Etenik gabeko jakinduria eta borondatearen iturri.

Gogoratzen ditut umetan baserrian egoten nintzeneko arratsaldeak, alabaren zaldia ikusten, eta bera beti han, lanean gogor. 

Juliarekin ikasi dut ematearen doaia zer den; emateko orduan mugarik gabeko emakumea, ematen eta zabaltzen ezagutu dut joan den arte. Ogia eta pastiza ematen eta jakinduria eta historia zabaltzen. Zauden lekuan; Julia, seguru asmatuko duzula ematen eta zabaltzen. Horrela izan bedi.

Zugarramurdiar batek horrela esan omen zuen: Zugarramurdin ñeun etxe die sua pizten den etxeak. Orozkon ere sarritan piztu duzu sua, Julia, eta ez dadila itzali. Beti gogoratuko zaitugu labe inguruan eta baserrian gozoki mintzoz!

Bidaia on!

Oharra: Orainaldian idatzi dut horrela gogoratu nahi dudalako Julia, gure artean presente eta ez iraganean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide