Manifestazioan parte hartzera deitu du EPPK-k

Erabiltzailearen aurpegia berria 2017ko urt. 11a, 00:00

Euskal preso politikoen askatasunaren alde Bilbon antolatutako manifestazioan parte hartzera deitu du EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak. «Egun horretan presook ez dugu ikustaldirik izango, gure senide eta lagunak urteko asteburu orotan ez bezala egun horretan Bilbon izango direlako ondoren guri helaraziko diguten herritarren berotasuna jasotzen», nabarmendu du kolektiboak BERRIA egunkarira igorritako agirian.

Kalera Kalera ekinbidean parte hartu duten guztiei «eskerrik beroenak» eman dizkie EPPK-k, baita ekinbidea antolatu dutenei ere: «Atzo arte ondoko ziegan kide izan zaituztegunoi, zuek zarete-eta gure isiltasun behartuaren bozeramaile».

Kolektiboak dio herritarrek beren «elkartasun bihotz-zabala» erakutsi duten une berean estatuek beren aurpegi «krudel eta gupidagabeena» erakusten jarraitzen dutela. «Jokabide horrekin beren ahuldadea eta jite makurra baino ez dute erakusten, edozein gatazkatan errespetatu beharreko urrezko araua baita zaurituak edota borrokarako ezinduak artatzen uztea».

Kartzelak husteko «ezinbesteko» lehen urrats gisa ikusten dute «zubi sendoak» osatzea: «Barruan borrokan ari garenon eta hor kanpoan gure askatasunaren alde lanean ari zaretenon esku arteko zubi sendoa».

Bigarren urrats gisa, ordezkari politikoei erreferentzia: « Aitzakiarik gabe, ordezkari politikoek herriaren gehiengoaren nahia entzun behar dute. Eta ordezkari politikoek, instituzioek eta herritarrek estatuetako agintariak behartu behar dituzte giltzak sarrailetan sartu eta ziegak zabaltzera. Zain-zain gaude gu atearen bestaldean. Horren harira, gure Kolektiboarentzat erabakigarria den eztabaida abian dugun honetan, eskerrak eman nahi dizkizuegu berau burura eraman ahal izan dezagun laguntza eman digutenei».

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide