Gernikako Estatutua osorik garatzeko eta eskualdatu gabe dituen eskumenak transferitzeko eskaera berretsi dio Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari. EAJ, Elkarrekin Podemos eta PSEren aldeko botoei esker aurrera egin duen mozioaren bitartez, legebiltzarrak Madrili dei egin dio «konpromiso publikoa» har dezan estatutua betetzeko. Horrez gain, estatus politiko berriari buruzko eztabaida autogobernu lantaldean kokatzea adostu dute hiru taldeek, eta lortzen duten akordioak «ahalik eta adostasun zabalena» izan behar duela berretsi dute.
EH Bilduren eta PPren abstentzioarekin atera dira aurrera gainerako hiru indar politikoek adostutako zuzenketa partzialak. Esparru juridikoari buruzko eztabaida EH Bilduk eraman du ganberara, baina haren jatorrizko testuak ez du aurrera egin. Koalizioaren proposamenak Eusko Jaurlaritzari eskatzen zion Gernikako Estatutuak aitortzen dituen eskumen guztien transferentzia gauzatzeko plan eta egutegi zehatza egiteko. Halaber, «herritarren beharrak modu egokian betetzeko» beharrezkoak diren eskuduntzak identifikatzeko eta horiek eskuratzeko pausoak ematen hastea galdegiten zion Urkulluren gobernuari. Talde guztiek bozkatu dute koalizioaren proposamenaren aurka.
«Tentsio sozialik» ez
Osoko bilkuraren eztabaidan, estatu burujabea aldarrikatu du Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak. Salatu du Espainiak politika «murriztaile eta birzentralizatzailea» egin duela estatutuarekin, eta ezinbestekoa dela «menpekotasun» harremana gainditzea. Joseba Egibar jeltzaleak, baina, estatu propioa nola eta norekin lortu nahi duten ez argitzea aurpegiratu die EH Bildukoei. Estatutua kalean defenditzeko «tentsio sozial» nahikorik ez dagoela adierazi du Egibarrek, eta azpimarratu du aukera «ezin hobea» dagoela estatus berri baten inguruko akordioa lortzeko.
Borja Senperrek aitortu du estatus berriari buruzko eztabaida arrotza egiten zaiela, baina prest agertu da lantaldean lan egiteko. Elkarrekin Podemosek eta PSEk ere ezinbestekotzat jo dute autogobernu lantaldera bideratzea eztabaida.
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide