Espainiako Gobernuak ez du 'Uribetxebarria kasu' gehiagorik nahi

Erabiltzailearen aurpegia berria 2017ko ots. 25a, 00:00

2017ko otsailaren 17ko data daukan instrukzio baten bidez, Espainiako Barne Ministerioak zehaztu du gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten presoen baldintzapeko askatasuna babestuko duela soilik «oso epe laburrean» hiltzeko egoeran badaude. Irizpide horri jarraitu beharko dio Espainiako Espetxe Zuzendaritzak, eta, neurri batean, fiskaltzak ere bere egin dezake. Azken hitza, baina, epaileek izango dute.

Menpeko erakundeentzako irizpidea da. Bere jarrera sendotu nahi du horrela gobernuak, Iosu Uribetxebarriarekin gertatutakoa gogoan eta auzitegietara iristen ari diren eskaeren aurrean. Uribetxebarriaren kasuan, Espetxe Zuzendaritzak gomendatu zuen presoa aske uzteko, baina espetxean jarrai zezan galdegin zuen fiskaltzak. Handia izan zen ETAren indarkeriaren biktimen elkarte batzuen presioa. Epaileak, zalantzak agertu ostean, Uribetxebarria baldintzapean aske utzi zuen 2012an, eta handik bi urte eta erdira hil zen. Eztabaidaren muina izan zen presoa hilzorian zen edo ez, orduko legeak espresuki hori zehaztea eskatzen ez zuen arren —aski zen gaixotasun larri eta sendaezina frogatzea—.

Orain, eta duela bi urte eginiko erreforma dela eta, Zigor Kodearen 92.3 artikuluak dio presoa baldintzapean aske utzi behar dela nabarmena bada haren bizia arriskuan dela, bai oso gaixo dagoelako, bai adin handikoa delako. Nabarmen hitza zehaztu du Barne Ministerioak zirkularrean: «[Egoera nabarmena] da gaixotasunaren azken faseak sortzen duena edo heriotza aurreikus daitekeenean, ziurtasun arrazoizko batez edo oso epe laburrean». Lehen ez bezala, irizpide horri eutsi beharko dio Espetxe Zuzendaritzak, eta medikuen txostenekin erakutsi. Agiri horiekin, epaileak edo epaimahaiek zuzenean uka dezakete edo ez askatasuna.

Egoera horretan aurkitu ez baina gaixo dauden presoek ere eska dezakete baldintzapekoa; horretarako, eskaera zorrotzak bete behar dituzte; bereziki, Jose Mari Aznarren gobernuak 07/2003 lege organikoa egin zuenetik. Horren arabera, besteak beste, erakunde delitugilearekiko harremanak eten eta Justiziarekin eta Poliziarekin kolaboratzea eskatzen zaie eri diren presoei ere.

Gaixo baina hilzorian ez dauden presoek badute beste bide bat: Espetxe Araudiaren 100.2 artikulua. Horrek aukera ematen die, ez baldintzapekoa lortzeko, baina bai graduak «malgutzeko», bi gradutako baldintzak uztartzeko, kartzelaldia arintzeko. Hori eskatzen dute Aitzol Gogorza Errenteriako presoarentzat; agerraldi jendetsua egingo dute gaur.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide