Etxerat: «Denon artean lor daiteke sakabanaketa amaitzea»

Erabiltzailearen aurpegia berria 2017ko mar. 9a, 00:00

Sakabanaketa politikak adingabeengan dituen ondorio «gordinen» berri eman ditu Etxerat elkarteak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordean. Legebiltzarrari «ia ezezaguna» den errealitate hori hurbildu nahi izan die elkarteak Dispertsioaren haurrak txostena aurkeztuta. Halaber, euren bizipenak azaldu dizkiote Patricia Velez Etxerat-eko bozeramaileak eta Olatz Iglesias eta Maider Viso presoen senideek.

Legebiltzarrera laguntza eske joan dira elkarteko kideak, zehazki, sakabanaketa politika amai dadin «pausoak» eman ditzala eskatzera. Sara Majarenas eta haren alaba Izarren kasua gogoan harturik, Velezek azpimarratu du posible dela «gauzak lortzea» gizarte eragileak eta instituzioak «norabide berean» lan egiten badute. «Ideologien gainetik, eskubideen bermearen alde lan egiten badugu, denon artean lor dezakegu sakabanaketa amaitzea», adierazi du.

Azken 28 urteetan sakabanaketaren ondorioak 5.000 haurrek baino gehiagok jasan dituztela azaldu du Etxerat-eko bozeramaileak. Halaber, salatu du haurren «bizitza, garapena, afektibitatea eta etorkizuna» baldintzatzen duten salbuespeneko neurrien mende daudela. «Sakabanaketa eta haurra amildegi batek banandu beharreko hitzak beharko lukete, baina egun hamaika amildegi distantzian egin behar dituzte gure seme-alabek», gaineratu du.

Olatz Iglesias 20 urteko gazteak bere lekukotasuna eman du. Sakabanaketaren ondorioak hilabete gutxi zituenetik pairatu dituela eta lotura afektiboetan eragin kaltegarria izan duela helarazi die taldeei. Maider Visok, bestetik, alaba txiki batekin ehunka kilometro bidaiatu behar izatea haurrarentzat zer nolako «zigorra» den azaldu die.

PPk salbu, talde guztiek eskatu dute sakabanaketa politika amaitzeko. PP, ostera, gogor eta oldarkor aritu zaie Etxeratekoei. «Zuen sufrimenduaren arduradunak zuen senideak dira, egun batean hiltzaileak izatea erabaki zutelako», esan die Juana de Bengoetxeak.

Tafallako brindisa

Atzo, Gorka Labat, Oier Araiz eta Fernando Soto epaitu zituzten, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, «terrorismoa goratzea» egotzita. Euskal presoen eta haien senitartekoen elkartasunez, brindisa egin zuten Tafallako (Nafarroa) jaien hasieran, urtero bezala, abuztuaren 14an. Han parte hartzea egotzita eta «terrorismoa goratzea» egotzita, bi urteko espetxe zigorra eskatu du haientzat fiskalak.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide