Adituen agerraldiak eskatuko dituzte autogobernu lantaldean

Erabiltzailearen aurpegia berria 2017ko mar. 15a, 00:00

Gaur goizean batzartuko da Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldea, aurrerantzean jarraitu beharreko lan egutegia zehazteko. Joan den martxoaren 3an jarri zen martxan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus politiko berri bat hitzartzea xede hartuta eta aurreko legealdian eginiko lanari segida emateko. Gaurkoan, lan metodologia zehaztuko dute: besteak beste, foro horretan egin beharreko zereginez proposamenak aurkeztuko dituzte, eta adituen agerraldiak eskatuko.

Lan hori egin zuten EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta UPDk aurreko legealdian, baina, han ez zegoenez Elkarrekin Podemos, talde horri sei hilabeteko epea eman diote hark ere agerraldiak eskatzeko eta proposamen bat aurkezteko. Elkarrekin Podemosek ez du uste iraila baino lehen aurkeztuko duenik estatus politikoa aldatzeko proposamena.

PSEren xedea, eskumenak

PSE-EEk jakinarazi du lantalde horretan bere lehentasuna izango duela Gernikako Estatutua osorik garatzea eta eskualdatu gabeko eskumenak eskatzea. Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak azaldu du lantaldearen lehen fasean eskumenen eskualdatzean jarriko dituztela sozialistek indarrak, eta, bereziki, espetxe politika eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa eskuz aldatzea eskatuko dutela. Bi transferentzia horien gainean Espainiako Gobernuarekin «negoziazio bide bat» ireki daitekeela iritzi dio Mendiak.

Estatutuaren «gaitasunak» azaltzeko, hainbat adituren agerraldiak ere eskatuko dituzte sozialistek autogobernu lantaldean; besteak beste, PSEk proposatuko du Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko presidenteorde Adela Asuak eta EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedradun Alberto Lopez Basagurenek azalpenak ematea.

Mendiak argitu du sozialistek ez dutela eztabaidarik saihestuko, nahiz eta aurreratu euren lehentasunak estatutuaren garapena eta gizarte eskubideen bermea izango direla. Nolanahi ere, zehaztu du badakiela estatutu berria lantzeko orduan eskubide nazionaletan jarrita egongo dela «foko mediatikoa», eta argitu du sozialistek eztabaida horri ere helduko diotela.

Bestalde, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gogoratu du EAJren eta PSEren gobernu programan jasota daudela estatutua osorik garatzea eta estatus berri bat lortzea, eta biak direla «bateragarriak». Abiadura ezberdinak behar dituzten arren, biak aldi berean landu daitezkeela iritzi dio. «Borondatea baldin badago, bi lan ildoak garatzeko aukera egongo da». Estatus berri bat lantzeko lanak denbora luzeagoa beharko dute, haren iritziz.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide