Sortuk urtarrileko kongresuan erabaki zuen berak hartzea ezker abertzalean euskal presoen «babes politikoaren» ardura, eta, hori egituratzen segitzen duen artean, ezker abertzaleak beste ekinaldi mobilizatzaile bat prestatu du. Hurrengo sorta apirilaren 17tik uztailaren bukaera arte garatuko du, presoen, iheslarien eta deportatuen alde. «Gatazkaren faserik gordineneko ondorioen konponketaren aldeko borrokan» segituko dute, Donostian egindako agerraldian Jokin Urainek eta Oihana Garmendiak esan dutenez. Sektore desberdinetako jende ezaguna izan da aurkezpenean: Arkaitz Rodriguez Sortuko bozeramailea, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Lur Albizu Ernaiko kidea, Aitor Servier Aitzinako kidea, Juan Mari Olano preso ohia, Arantza Arruti militante historikoa… «Presoak, iheslariak eta deportatuak dauden bitartean, ez da izango Euskal Herri librerik eta baketsurik».
Euskal udaberria Kalera. Bakea eta askatasuna irabaztera leloa izango du ekinaldiak. «Presoak kaleratzearen aldeko borroka, memoriaren aldekoa, biktima guztien erreparazio eta errekonozimenduaren aldekoa, desmilitarizazioaren aldekoa... geroari begirako prozesuak dira, eta garatzeko daude. Bake eta askatasunezko geroa nahi dugu gure herriarentzat».
Apirilaren 17an lore eskaintza bat egingo dute Gernika-Lumon (Bizkaia), herria suntsitu zuteneko 80. urteurrena dela eta. Gernikako arbolaren ondoan batuko dira. Maiatzaren 8tik 14ra, 1977ko amnistiaren aldeko astea oroituko dute, eta orduan hildako zazpi lagunei «herri omenaldia» egingo diete. Ortuellan (Bizkaia), Iruñean, Bilbon eta Errenterian (Gipuzkoa) egingo dituzte ekitaldiak; nagusia, maiatzaren 14an, Errenterian: manifestazio nazionala. Maiatzaren 20an, martxak egingo dituzte Frantziako Estatuko hiru espetxetara eta Espainiako beste hirutara, euskal presoen urruntzea salatzeko. Eta, uztailaren 20-27rako, ibilaldi bat antolatu du ezker abertzaleak: Gernika-Lumo eta Sakana (Nafarroa) artekoa, duela 40 urteko Askatasunaren Martxa oroitzeko. Belaunaldi zahar eta berriak elkartu nahi dituzte orduan. Uda osoan, «errepresaliatu politikoak» gogoan izango dituzte herrietako festetan.
Majarenas, lehen aldiz kalera
Sara Majarenas euskal presoa herenegun atera zen kalera lehen aldiz Madrilgo harrera zentrotik, Izar alabarekin, haren aldeko plataformak jakinarazi duenez. Bi ordu eta erdiko baimena eman zien Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak. Egunero atera ahal izango dira, 17:00-19:30 artean. Hala ere, epaileak astegunetan goizez ordubetez eta larunbatetan eta igandeetan goizez bi orduz irtetea ukatu die, eta plataformak helegitea aurkeztuko du.
Castrok martxoaren 3an malgutu zion espetxe gradua Majarenasi. Aitak, urtarrilaren 15ean, labanaz zauritu egin zuen umea, espetxetik ateratzeko baimen bat baliatuta. Kartzelan jaio zen haurra, eta amarekin bizi zen han. Martxoaren 2an bete zituen 3 urte, eta, legediaren arabera, biak orduan banandu behar zituzten. Picassenteko espetxean (Herrialde Katalanak) zeuden.
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide