ETAk desarmatzeko erabakia hartu badu, legea aplikatu delako eta «zuzenbide estatuak» garaitu duelako hartu du, Jose Manuel Maza Espainiako Estatuko fiskal nagusiaren ustez. Eta gaineratu du legearen mugak gainditu gabe amaitu dutela ETA: «Legearen inperioarekin soilik konpondu dugu ETAren arazoa». Iruñean izan da Maza, hitzaldi bat eskaintzen, eta hari entzuten izan dira Nafarroako ordezkari politiko ugari, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arduradunak, eta Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren buruak. ETAren armagabetzeaz idatzitako galdera batzuk jaso ditu Mazak, eta erantzun du gizarteak, segurtasun indarrek, epaileek, fiskalek eta Justizia arloko funtzionarioek «pixkanaka-pixkanaka» bukatu dutela ETA.
Fiskalburuaren ustez, Europako herrialde askorentzat Espainia eredugarri da «terrorismoari nola aurre egin jakiteko», eta informazioa eta aholkua eskatzen diete Espainiako agintariei. Hala, beste herrialde batzuekin alderatuta, Espainia egoera hobean dagoela nabarmendu du Mazak, besteak beste, «beste herrialdeetan izugarrizko salbuespen egoerak dituztelako».
Kazetariek galdetu diote ea fiskaltzak espetxe politikan irizpideak aldatuko dituen edo sakabanaketa amaituko ote duen, eta erantzun du fiskaltzak ez dituela legeak egiten eta ez duela politika zuzentzen: «Legedia bete besterik ez du egiten». Era berean, azpimarratu du indarrean dauden legeak eta arauak beteko dituela berak ere: «Erabakitzen bada espetxe politikan aldaketak egitea, hori euren gauza izango da, baina ez da gure ardura».
Jose Antonio Nieto Espainiako Segurtasun Estatu idazkariak ere ETAren armagabetzea hizpide izan du, Coviteren aldizkari batean. Aditzera eman duenez, Espainiak ez du armagabetzean parte hartuko, baina hori Frantziako Gobernuak egin dezake. Izan ere, ETAri eskatu dio Frantziari jakinarazteko non dauden armak, haien kokalekua eta edukia «manipulatu gabe». Berretsi egin du Espainiako Gobernuaren jarrera, eta erakunde armatuari ohartarazi dio ordainetan ez duela ezer jasoko: «Desarmatzearekin edo desarmatzerik gabe, ez da inpunitaterik egongo».
EAJ, «diskrezioaren» alde
Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak «kezka» agertu du armagabetzeaz sortutako «gehiegizko zaratak» ez ote dion guztiari kalte egingo. Hala, «diskrezioz» jarduteko eskatu du, Euskadi Irratiko elkarrizketa batean. Azaldu du Ipar Euskal Herriko EAJko kideak daudela prozesua gertutik zaintzen, eta oraindik ez dagoela erabakita apirilaren 8an Baionan izango duten ordezkaritza. Nolanahi ere, Espainiari eta Frantziari eskatu die bidea «erraztu» dezatela armagabetzeak legezko bermea izan dezan.
EH Bilduk uste du «errespetu osoa» merezi duela bakearen artisauek armagabetzearen berri emateko aukeratu duten moduak. «Gizarte zibilaren indarraren erakusle da haien bidea», esan du Julen Arzuagak. EAEko PPren arabera, apirilaren 8koak «gauza natural» bat izan beharko luke, baina «parafernalia» bilakatu da.
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide