Nire oroitzapenak lainotsuak dira beti, inoiz ez egun eguzkitsu bat bezain egonkorrak. Eta egun hartakoak, 1985eko apirilaren 4koak, betiko lainopean egoteko jaio ziren. Lainopean, euripean eta hotzak akabatzen dagoen oroitzapen bat, 12 urteko mutiko batena, txirrindularitzarekin inolako loturarik ez zeukana, ez jardunez, ez familiako tradizioz, ez eta zaletasunez ere. Zer deabru egiten zuen ume hark Urduñako mendatearen tontorrean, haizeak dinbi-danba makurrarazten zuen pankartaren ondoan; zer egiten zuen laino trinko haren erdian, ez bazen etorkizun osoan iraungo zion oroitzapen apetatsu bat eraikitzea, eta lainoa bezain ulergaitza den pasio bat ernaltzen hastea.
Ostegun santua. Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapa, Getxo-Amurrio, 179 kilometro. Aparteko zailtasunik gabeko eguna: Urduñako mendatea, bai, baina helmugatik 100 kilometrora; Garate mendate laburra, helmugatik 18 kilometrora; eta helmuga bera, igoera txiki batean. Jose Luis Laguia zen lider Itzulia hasi zenetik, Ibardinen amaitutako lehen etapan nagusituta. Baina nik, memoriaren lainopean, ez dut datu horietako bakarra ere oroitzen, Internetek esan dit guztia; apurka-apurka osatu behar ditut 12 urteko ume haren zirkunstantziak, lainopean doan ziklista baten moduan: hamar metro ikusten dituzu orain, beste zazpi gero, baina sekula ez igoera osoa. Internetek esan dit edizio hartan zeudela Kelly, LeMond, Lejarreta, Delgado, Cabestany, Belda, Criquielion, Etxabe, Bauer, Dhaenens, Caritoux, Recio, Pino eta ezin konta ahala izen handi. Ez dakit egia den; izango da.
Baina badakit, eta hau ez dit Internetek esan behar, hau baita egun hartako nire ostarte bakarra, Bernard Hinault ere 1985eko Itzulian izan zela. Hura zen tropel hartako izarrik handiena: ordurako lau Tour zeuzkan irabazita, bi Giro, bi Vuelta, munduko txapelketa bat, Roubaix bat, bi Lieja, bi Lonbardia, bi Dauphine... zer ez zeukan haren palmaresak! Baina urte hartan ez zebilen batere. Eta gu Hinault ikustera joan ginen Urduñara.
Euria zarra-zarra, tontorreko pankartaren astinduei eutsi ezinda antolakuntzakoak. Iñaki Gastón igaro zen lehen postuan mendatetik, eta Bagot, Belda eta Leanizbarrutia berarekin batera. Atzeraxeago, pelotoia ziztuan, dena kolore eta elastiko eta anorak eta arnasa-hots, eta ume baten burua ezker-eskuin, norbait ezagutuko duelakoan, alferrik. Eta zurrumurru bat Urduñako tontorrean bildutako zale urrien artean: Hinault ez da pasatu oraindik. Nola kristo zekiten hori, nola identifikatu ote zuten tximista batean igarotako jendetza hura, nola konturatu ziren tartean ez zegoela Hinault, misterioa da niretzat, baina zurrumurru hura existitu egin zen, eta pisua zeukan, astuna zen, trinkoa; zurrumurru hark lehortu egin zigun soinean pilatu zitzaigun ur guztia, epeldu metatutako hotza, begiak adi jarri zizkigun, zentzumen guztiak zorroztu zizkigun mendatean behera amiltzen zen errepiderantz, bretoia lainopean agertuko zen unerako, baldin eta noizbait agertzen bazen.
Eta ez dakit noiz, baina hantxe agertu zen, 30 urteko trapu zahar bat euripean. Eta oroitzen ditut jendearen hitzak, jada ez zurrumurru gisa, ezpada erabateko baieztapen bihurtuta: akabo Hinault betiko, adio azkonarraren edo kaimanaren hozkada gupidagabeei. Egun hartan, inor ez zen akordatu Amurrion etapa irabazi zuen Pedro Muñozekin. Gertakari historikoa beste bat zen: Hinault erretiratu egin zen, eta gu horren lekuko izan ginen. Bat-batean, denok jakin genuen Urduña izan zela Hinaulten ibilbide osoaren hilobia. Harenak egin zuen betiko.
Apirilaren 4an izan zen hori. Handik bi hilabetera, gure profeziak laino artean urtu ziren: Hinaultek bere hirugarren Giroa irabazi zuen; eta hilabete geroago, bere bosgarren Tourra, ordura arte Anquetil eta Merckxen Olinpo esklusiboa zena.
Beti pentsatu izan dut Hinault nire ondoan erretiratu zela egun hartan, benetan horren lekuko izan nintzela. Urte asko igaro behar izan dira jakin dudan arte, ez hantxe bertan, baizik eta handik 40 kilometrora jaitsi zela bizikletatik. Baina geratu, bai geratu zen nire ondoan: bularraren kontra periodiko-zatiren bat sartzera edo, zerbaitetan bai behintzat. Auskalo zer oroitzapen izango duen berak Urduñako mendateaz, orratz baten antzera iltzatzen zen euriaz, palmareseko azken zirrikituraino sartzen zen hotzaz, hango harrizko lainoaz. Agian berari ere lainoa sartu zitzaion memorian betiko, eta dena lausotu; eta, agian horrexegatik, ez da akordatuko handik metro gutxira, betiko iraungo zuen pasio bat ernalduz, begira-begira zeukan 12 urteko ume harekin. Baina umea bai, akordatzen da, lainotan bada ere.