Egun garrantzitsua izango da 2017ko apirilaren 8a. ETAren armagabetze prozesua burutuko da, eta Baiona izango da armagabetzearen prozesuaren hiriburu. Ez da ohiko desarmatzea izango, ordea, beste prozesu batzuekin alderatuta desberdina baizik. Hori ulertzeko hainbat kontu hartu behar dira aintzat.
1.- Alde bakarrekoa armagabetzea
ETAren armagabetzea alde bakarrekoa da. Alegia, ez du ordainik jasoko desarmatzearen truke. Duela zenbait urte jakinarazi zuen erakundeak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearekin zenbait konpromiso hartuak zituztela, baina Mariano Rajoyren gobernuak ez zituela baliatu gaineratu zuen. ETAk, hala ere, armak ematea erabaki du jardun armatua utzi eta bost urte geroago. "Oso ibilbide zaila eta gogorra izan da, Estatu espainolak eta frantsesak ahal bezain beste oztopo jarri dituztelako", esan du ostiral goizean BBC Erresuma Batuko telebista katearen bitartez ezagutzera eman duen agirian.
Espainiak ez du desarmatzean parte hartuko. ETAk armak utziko zituela iragarri zuenetik uko egin dio armak nola utzi negoziatzeari, eta nazioarteko egiaztatzaileek Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera deitu zituzten. Frantziak ere ez zuen hasiera batean lagundu, eta abenduan Luhuson bost pertsona atxilotu zituzten bi estatuetako poliziek desarmatzeko operazio batean. Desarmea, beraz, estatuen laguntzarik gabe eta horien oztopoen gainetik etorri da. Azkenean, ordea, izan da estatuetan nolabaiteko jarrera aldaketa, hainbaten ustez, batik bat, Luhusoko operazioaren ondotik. "Egin dezatela, lehenbailehen", esan zuen Mariano Rajoyk. Frantziako Gobernuan ere nabaritu dira jarrera aldaketa baten zantzuak.
[YouTube]https://youtu.be/lsw6B8Z590E[/YouTube]
2.- Gizarte zibilaren parte-hartzea
Estatuen jarreraren aurrean, ezinbestekoa izan da gizarte zibilaren parte-hartzea armagabetzea burutzeko. Luhuson atera ziren lehen lerrora Jean Noel Etxeberri Txetx Bizi-ko koordinatzailea, Beatrice Molle-Haran kazetaria, Mixel Berhokoirigoin laboraria, Mixel Bergouignan enpresaria eta Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea. Luhusoko bostak deitu zituzten hasiera batean, baina berehala egin ziren ezagun bakearen artisau gisara. Argi utzi dute euren zeregina ETA armagabetzea izan dela, eta bide horretan, atxilotu ondoren ere, sakontzea deliberatu zuten. Are gehiago, eragilera eta herritar gehiagori artisau bilakatzeko eskaera luzatu zieten.
Eragile zibil horien sinesgarritasunak ekarri du, nolabait, armagabetzea burutzeko Euskal Herrian eta kanpoan behar zen konfiantza. ETAk esan du euren esku daudela armak. Eurek, ordea, ez dituzte armak suntsituko, ezta ukituko ere. Ez dute jakinarazi nola emango duten armategien berri. Frederic Espagnac Frantziako senatari sozialistak, ordea, martxoaren 23an BERRIAri esan zion gizarte zibileko inork prokuradoreari armak non diren errango balio, herritar gisa duen "betebeharra" beteko lukeela.
3.- Baiona, E eguna
Estatuen jarreraren aurrean, bakearen artisauek armagabetzea "publikoa eta gardena" izatea nahi izan dute eta horretarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte Baionan. Zazpi pausotan laburbiltzen dira. Egun historikotzat hartu dute eragileek, ETAren iragarpenaren berri izan ostean. Eguneko bi momentu nagusiak bi izango dira: armak non dauden jakinarazten dutenekoa eta horiek hartzeko polizia operazioak. Espero da goizean agerraldi instituzional bat izatea, eta han izatea nazioarteko egiaztatzaileak, euskal erakundeetako ordezkariak eta bakearen artisauak. Euskal Elkargoak ere badu bere hitzordua jarrita: goizeko 09:00etan Baionako Unibertsitatean bilduko dira, eta eguneko gai ordenean ez badago ere, baliteke ETAren armagabetzea ere hizpide izatea. Babes zabala jaso du armagabetzeak beste euskal erakundeengandik ere; gobernuen zer ordezkaritza izango den, ordea, ez dago argi.
Erakundeen hitzorduen ostean, herritarren txanda iritsiko da. Bakearen artisauek La Paix Maintenant, une exigence populaire dokumentalaren emanaldia antolatu dute 10:30ean, Atalante zineman. 12:00etatik aurrera Roland Barthes zelaigunean –Xaho kaia– mahai inguruak izango dira Bake Bideak antolatuta eta Joseba Azkarragak, Aitzpea Leizaolak eta Philippe Texierrek gidatuta.
4.- Erabatekoa
ETAk esan zuen erabatekoa izango dela desarmatzea, eta jakinarazi du jada ez duela armarik. Desarmatze operazioak Baionatik kanpo izango dira, eta zenbait lagunek parte hartuko dute. Eguneko egitarauari erreparatuz gero, pentsatzekoa da lehen orduetan egingo direla operazio horiek eta goizeko agerraldiaren aurretik egotea abian. Le Monde egunkariak desarmatzeari eguna jarri zion egunean argitaratu zuen Luhuson atzemandakoa armategi osoaren %15 zela. Egun horretan zehazki, polizia operazioaren aktan jaso zutenez, lau errebolber, 29 pistola automatiko, semiautomatiko eta metrailadore, bederatzi fusil, zortzi submetrailadore eta hainbat kargadore eta munizio atzeman zizkioten ETAri. Horrekin batera, aluminio eta zilar hautsa, pentrita, nitromanita eta kloratita, lehertzeko soka, 2.310 detonagailu elektriko, zazpi tenporizagailu eta ST-LAPA bi sistema.
5.- Etorkizuna
Orain ikusteke dago, behin armak emanda, zer egiten duen ETAk. David Plak atxilotua izan aurretik elkarrizketa batean esan zuen udaberrian hausnarketa prozesu bat egingo zutela ETAko militante guztiek. Hainbat ahotsek desegiteko eskatu diote ETAri. Edozein kasutan, euskal presoen gaia mahai gainean egongo da behin desarmea burututa. Bakearen artisauek eurek esan dute orain beste gai batzuei heldu beharko zaiela. "ETAren armagabetze osoak" gatazkaren konponbide integrala lortzeko balio beharko lukeela esan zuten, "ahalbidetu" behar duela "euskal gatazkaren ondorioen atal guzien konponbidean -presoak, erbesteratuak, biktimak, elkarbizitza...- aitzina egitea". Zehaztu dute hori gauzatu behar dela "gatazkaren alde guziak eta sentsibilitate politiko guziak errespetatzen dituen moldeetan".
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.