Luhusokoek eta Frantziak adostua izan da armagabetze prozesua

Erabiltzailearen aurpegia berria 2017ko api. 11a, 23:50

"Ongi" joan zen larunbatean ETAren armagabetzea. Izan ere, prozesua Luhusoko ekintzaileen eta Frantziako Estatuaren artean elkarrizketatua eta adostua izan zen, BERRIAk jakin duenez. Ondorioz, modu ordenatuan garatu zen. Luhusokoaz geroztik, eta Parisek ikusi zuelarik zer batasun eta inplikazio zegoen Ipar Euskal Herrian desarmatzearen alde, komunikazio bideak sendotuz joan ziren bi parteen artean, kontu tekniko batzuk lotuz joan ziren, eta azkenerako normaltasun handiz gauzatu zen duela bi eguneko desarmatze operazioa. Frantziak dauzka ETAren armak, gizarte zibilak zaintzapen izan ondotik -iazko udazkenetik ETAk emana zion armagabetzearen "ardura politikoa eta teknikoa"-. Frantziatik Bernard Cazeneuve lehen ministroak eta Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefetak izan dute ardura handiena.

Adostasunaren emaitza bat da, esate baterako, Baionako prokuradoreak armategien informazioa jaso izana larunbatean bertan NBE Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen bidez. Jean Noel Etxeberri Txetx Luhusoko ekintzaileak goizeko zortziak aldera, Baionako herriko etxean, armategien lokalizazioen dokumentazioa eman zien naziorteko eragileei -Harold Good eta Matteo Zuppi apez eta behatzaileei, eta hauek Ram Manikkalingam egiaztatzaileari-, eta Manikkalinganek ondoren herriko etxean bertan egindako agerraldi instituzionalean jakinarazi zuen "berehala" eman ziola NBEk informazio hori Frantziako autoritate bati. Cazeneuve lehen ministroak larunbat gauean plazaratu zuen agiri batean zioen autoritate hori Baionako prokuradorea zela; hots, Samuel Vuelta-Simon.

Prokuradoreak dokumentazioa jaso, eta Frantziako Polizia goizeko bederatzietarako armategien bila hasia zen, Matthias Fekl Barne ministroak esan zuenez. 15:30 aldera ETAren material osoa Poliziaren esku ziren: 120 arma, hiru tona leherkari, eta milaka munizio eta detonagailu, zortzi kokalekutan banatuta -armategiaren datuak Mixel Berhokoirigoin eta Michel Tubiana bakearen artisauek eman zuten larunbatean, 11:00 aldera, Lapurdiko hiriburuko Euskal Museoan egindako prentsaurrekoan-. Armen-eta kokaleku bat Senperen (Lapurdi) zegoen, eta Poliziarekin batera joan zen Vuelta-Simon prokuradorea, argazkietan ikusten denez.

Cazeneuvek gaueko oharrean aitortu zuen bere gobernua pozik dela armagabetzearen garapenagatik, "soilik justiziaren autoritate pean" eta "baretasunean eta bortizkeriarik gabe" egin zelako.

Bakearen artisauek eta Frantziak adostu zuten beste puntu bat zen gizarte zibileko jendeak ez zituela armak ukituko, deliturik ez egitearren. Aldiz, joan den abenduaren 16an Luhusoko (Lapurdi) etxe batean Etxeberri, Berhokoirigoin eta beste hiru lagun egitekoak ziren ekinaldian, armak suntsitzekoak ziren. Hala ageri da Etxeberrik, Berhokoirigoinek eta Tubianak iazko urrian eta azaroan ETAko zuzendaritzarekin trukatu zituzten eskutitzetan. Frantziako Poliziak egun berean atxilotu egin zituen bost lagun -Tubiana ere egotekoa zen etxean, baina artean iristeke zen-. Orain baztertua zuten gizarte zibileko kideek ETAren armak deuseztatzea. Izan ere, desarmatzea legezkoa izatea zen baldintzetako bat, eta adostu zuten armak ez ukitzea, eta, beraz, ez suntsitzea.

Zortzi kokalekuetatik seitan armategia zigilatua zegoen, ETAren aurreko urteetako lanak medio. Beste armak kokalekuetan paratzeko aparteko arazorik ez da izan, ustez.

Polizia kokalekuetara heldu aurretik han herritar egiaztatzaileak egotea ere ongi ikusia zuen Frantziako Estatuak. 172 lagun egon ziren zortzi puntuetan, poliziak noiz helduko; kokaleku bakoitzeko, 20-25. Horiek esan dutenez, Polizia heldu zenean ez zen inolako arazorik gertatu, herritar guztiak identifikatu zituzten arren. Horiek segidan joan ziren leku denetatik, misioa beteta.

Vallsen ordez Cazeneuve lehen ministro

Iazko abenduan Manuel Vallsek Frantziako lehen ministro kargua utzi izana garrantzitsua izan da ETAren armagabetze prozesurako -PSren primarioetara aurkeztu zen, Presidentzia bozak direla eta-. Irtenbide baten aurka gogor azaldu izan da beti Valls, eta lotura estua zeukan Espainiako Gobernuarekin. 2012ko maiatzetik 2014ko martxora Barne ministro izan zen -kargu horretan zela izan zen ETAren armagabetze hasiera, Frantzian-, eta geroztik, lehen ministro. Vallsek utzi aurretik ETA saiatu zen Frantziako Gobernuarekin harreman bat izaten armagabetzea bideratzeko, bidali zizkion mezu batzuk, baina Parisek baztertu egin zuen aukera. Gainera, Luhusokoaz gain, egin zituen ETAren armategiei buruzko operazio batzuk: Paris ondoan eta Miarritzen (Lapurdi). Atxiloketa esanguratsu batzuk ere bai: 2015ean Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea, Ortzaizen (Nafarroa Beherea), eta David Pla eta Iratxe Sorzabal, Baigorrin (Nafarroa Beherea), eta iazko azaroan Mikel Irastorza, Azkainen (Lapurdi).

François Hollande Frantziako presidenteak Cazeneuve abenduaren 6an izendatu zuen lehen ministro, eta Iparraldean nahikoa baikor hartu zen izendapena. Abenduaren 16an zihoazen Etxeberri-eta Luhusokoa egitera -Twitter kontua abenduaren 11n sortu zuten-. Poliziak, Guardia Zibilarekin elkarlanean, ez zien utzi.

Baina biharamunean bertan Ipar Euskal Herriko gizarte eragile askok hitz eman zuten jarraitu egingo zutela armagabetze prozesuarekin, eurek hartuko zutela ardura. Ipar Euskal Herriko ia sentsibilitate soziopolitiko denek bat egin zuten. Frantziako hedabide esanguratsu batzuk ere ez ziren polizia operazioaren alde azaldu, eta hori ere aintzat hartzekoa izan zen Parisentzat. Gainera, epaileak aske utzi zituen bost atxilotuak abenduaren 20an, baldintzapean bazen ere -baldintzetako bat da elkarrekin ezin dutela egon-.

Frantzia jarrera moldatuz joan zen pixkanaka, armagabetze adostuaren alde. Mariano Rajoy Espainiako gobernuburua iturri onetik jakinaren gainean zen Paris iritzia aldatzen ari zela. Luhusokoaz geroztik, eta Txetx Etxeberrik martxoaren 17an Le Monde Frantziako egunkarian armagabetze data apirilaren 8rako iragarri aurretik, Hollandek eta Rajoyk lehen aldiz otsailaren 20an ikusi zuten elkar, Malagan (Espainia), eta hurrena martxoaren 6an, Versaillesen (Frantzia). Malagako hitzorduan izan zuten hizpide ETAren gaia, honi atzemandako materiala Frantziak Espainiari emateko aukeraz mintzatu baitziren, publiko egin zutenez. Etxeberriren iragarpenaren ondoren ere ikusi zuten elkar Hollandek eta Rajoyk: martxoaren 25ean, Erroman, Europako Batasuneko kideen goi bilera batean.

Madrilek jarrera pasiboa eduki du apirilaren 8koari begira. PPren gobernuarengan bazen datu berri bat hori, jokabide oldarkorra izan baitu beti. BERRIAk Ipar Euskal Herrian kontsultatu dituen iturrien arabera, batez ere Parisen jarreragatik egon da geldirik Espainia. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria ere bildu zen Rajoyekin ETAren armagabetzearen berri emateko: martxoaren 14an, Moncloan. Filtrazioa jaso zuten hedabideen arabera, desarmatzea ez oztopatzeko eskatu zion Urkulluk. Lehendakariak ordutako apirilaren 8koaz "informazio zuzena" zeukan, berak martxoaren 17an jakinarazi zuenez.

Etxeberrik armagabetze eguna iragarri zuenetik, dozenaka eta dozenaka bilera izan dira Euskal Herrian -batez ere, Ipar Euskal Herrian; Baionan mugimendu handia egon da-, eta Frantzian ere izan dira. Adibidez, Parisen -Iparraldeko eragile batzuk ibili dira han-, edota Pauen. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak joan den ostiralean Mediabask.eus-en esan zuen martxoaren 20an Cazeneuverekin, Morvanekin eta Frederique Espagnac PSko senatariarekin bildu zela -Hollanderen oso gertukoa da Espagnac-, eta armagabetzea bideratzeko harrera ona ikusi zuela.

Etxeberrik martxoaren 17an apirilaren 8ko data eman izanak gauzak asko azkartu ditu. Iragarpenaren aurreko orduetan Paristik bakearen artisauek jasotako mezuak ziren hobe zela Presidentzia hauteskundeen ondoren egitea desarmatzea. Luhusokoek erabaki zuten kanpaina hasi aurretik egitea operazioa. Berhokoirigoinek martxoaren 18an iragarri zuen "gardena, publikoa eta egiaztatua" izango zela. Halakoa izan da. Egin dute.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide