«Zein asmo du Jaurlaritzak Kataluniako Errepublika independentearekiko?». Ostiraleko Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran galdera horri erantzun beharko dio Urkulluren gobernuak; zehazki, Josu Erkoreka bozeramaileak, lehendakaria aste honetan Quebecen dagoelako bidaia ofizialean.
Galdera horren bitartez, halaber, EH Bilduk legebiltzarrera eraman nahi du errepublikaren aitortza. Kataluniako Parlamentuak deklarazioa egin zuen egun berean, talde subiranistak iragarri zuen xede horrekin legez besteko proposamen bat erregistratuko zuela, baina galdera bat aurkeztu du. Lehenengoaren tramitazioa luza zitekeen abenduko bigarren astera arte, eta abenduaren 21erako bozetara deitu dute Katalunian. Era berean, herenegun aurkeztutako moduko galderek aukera ematen dute jarraian mozio bat sartzeko, eta hori datorren asteko saiora eramateko.
Ez Eusko Jaurlaritzak ez berau osatzen duten alderdiek —EAJk eta PSEk— ez dute errepublika aitortu. Konstituzioaren 155.artikuluaren aplikazioa salatu dute gobernuak eta jeltzaleek. Errepublika deklaratu zuten egun berean eginiko adierazpen ofizialean EAJren zuzendaritzak adierazi zuen Kataluniako erakundeen erabakiak errespetatzen zituela. «Kataluniako erakunde legitimoei errespetua eta babesa. Hori da nik erabiltzen dudan kontzeptua», esan zuen atzo Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Urriaren 11n Batzar Nagusiek errepublika aitortu zuten, ordu batzuk geroago Generalitateko presidenteak erabaki hori atzeratu egin bazuen ere. EH Bilduren proposamenari EAJ batu zitzaion.
Atzo, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak Urkullu kritikatu zuen, Kataluniako auzian agertzen ari den jarrera dela eta. Lehendakaria bitartekaritza lanetan aritu dela dioten informazioei buruz, esan du horren atzean asmo bat dagoela: «subiranismoaren batasun politikoa zatitzeko, horren erreferentzia alboratzeko eta PPrekin dituen akordioak berreskuratzeko». Muñozen arabera, EAJk ez du «konfrontazio demokratikoan sinisten». «EAJren aldebikotasunak balio du bakarrik ajuste politikoak egiteko».
Igandean Iruñean
Larunbaterako Bilbon EH Bilduk, gehiengo sindikalak eta Gure Esku Dago-k antolatu duten manifestaziora batu zaio Iruñean igandean egingo duten elkarretaratzea. Bilboko eragile berberek eta Gero Baik egin dute deia. Udaletxe plazan izango da, 12:30ean. Salatuko dute Espainiako Gobernuak bere gain hartu izana Kataluniako gobernua, konstituzioaren 155. artikulua ezarrita, eta «demokrazia eta erabakitzeko eskubidea» galdegingo dute.
Osorik irakurri
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide