PPk dio sozietate zerga jaistea «giltza» dela kontuak adosteko

Erabiltzailearen aurpegia berria 2017ko aza. 25a, 00:00

PP nahiko pozik dago EAJk eta PSEk hitzartutako sozietate tasaren murrizketarekin. Popularrek ez dute akordioa oraindik onartu, baina jeltzaleen eta sozialisten proposamena «arrazoizkoa» dela esan du Alfonso Alonso EAEko PPren presidenteak. Akordiorako borondatea sumatu die Alonsok EAJri eta PSEri, eta hark ere, trukean, prestasuna agertu du ados jartzeko. Alonsok aitortu du sozietate zergaren tasa nominala apaltzeko akordioa «giltza» izan daitekeela akordio bikoitza lortzeko, zerga erreforman eta EAEko aurrekontuetan. Horiek horrela, denbora kontua da hiru alderdien arteko ituna jakinaraztea.

EAJk eta PSEk atzo arratsaldean aurkeztu zioten PPri zerga erreformaren inguruko akordio berria. Ez zuten akordioa itxi, baina «aurrerapausoak» eman zituzten. Alonsok goizean deitu zituen komunikabideak gosari batera, eta paparra ateratzeko baliatu zuen agerraldia. Txalotu egin zuen EAJren eta PSEren «jarrera aldaketa», eta azpimarratu zuen PPri esker «erabat okerra» zen zerga erreforma «zuzentzea» lortu dela. «Egindako okerra konpontzen lagundu diegu», esan zuen.

Hala ere, sozietate zergaren jaitsiera ez ezik, bestelako aldaketa batzuk ere nahi zituen PPk, eta, orain lortu ez baditu ere, ez ditu bazter batean utziko. Alde horretatik, Alonsok gogorarazi du PPren helburuen artean dagoela 31.000 euro baino gutxiago irabazten duten langileek ordaindu beharreko zergak murriztea, eta adingabeak edo adinekoak euren kargu dituzten familientzako kenkariak handitzea. Arlo horiek «kostu handia» dutenez, legealdian jorratu daitezkeela uste du Alonsok.

Sozietate zergaren jaitsieraren berri jakin zenetik, sozialistek ez dute gaiari buruzko adierazpen publikorik egin. Bai, ordea, jeltzaleek. Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazi du sozietate zerga apaltzeko erabakiak popularren artean duen harreraren «zain» daudela.

Osoko zuzenketa

Zerga jaitsieraren aurka gogor egin dute Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk. Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailearen ustez, «etsigarria» da jeltzaleen jarrera, eta «lotsagarria» sozialistena, besteak beste Jaurlaritzak aurrekontu soziala izateari uko egin diotelako. Hala, iragarri du osoko zuzenketa aurkeztuko diotela aurrekontu proiektuari, «erantzukizunagatik». Haren ustez, zerga erreforman egindako aldaketak «alderdi progresistak» kontuen negoziazioetatik kanpo uzten ditu.

EH Bildurentzat, berriz, «oso larria» da EAJk eta PSEk adostutakoa. Leire Pinedok salatu du ez dela bidezkoa «herritarren botoen %10 dituen alderdi batek» EAEn hainbesteko boterea izatea, eta «kezkagarria» dela PPk «hemengo politikak» definitzea.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide