Presoen «omenaldiak» baztertzeko eskaera aurkeztu du EAEko PPk

Erabiltzailearen aurpegia berria 2017ko abe. 16a, 00:00

Nafarroako Parlamentuak euskal preso ohien «omenaldiei» buruz azaldutako jarrera Eusko Legebiltzarrak ere izan dezala nahi du PPk, eta, hala, ekinbide bat aurkeztu du bertan. ETAkoak izan ziren edo harekin harremana izan zutenen aldeko omenaldiak baztertzeko eskatu du EAEko PPk, harrerak biktimentzat kaltegarriak direlakoan. Ekitaldi horiek eragozteko, Eusko Legebiltzarrak neurriak hartzeko eskatu beharko lioke Jaurlaritzari, PPk aurkeztu berri duen idatziak dioenez. Ertzaintzaren baliabideak «indartu» egin beharko lirateke, haren arabera.

Joan den astelehenean, Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak gaitzetsi egin zuen euskal preso izanikoei «omenaldiak» egitea, «biktimak berriro biktima bilakatzea» dakartelakoan. Geroa Baik, PSNk eta Ezkerrak bultzatu zuten parlamentuan onartutako idatzia, eta aldeko botoa eman zuten UPNk, Ahal Dugu-k eta PPk ere. EH Bildu abstenitu egin zen, euskal presoen senide eta lagunak «kriminalizatu» egiten direlakoan. «Ekitaldi horien xedea ez da inolako ekintzarik goretsi edo babestea», EH Bilduren esanetan. UPNko eledunak Geroa Bairi eskatu zion eteteko EH Bildurekin daukan gobernu akordioa.

EAEko PPk Eusko Legebiltarrean aurkeztu duena legez besteko proposamena da, eta bi puntu dauzka. Carmelo Barrio legebiltzarkidearen izenean sartu du. Seguruenik, datorren otsailean eztabaidatuko dute.

PP da, PSE-EErekin batera, legebiltzarkide gutxien duen taldea: bederatzi. Botoen %10,18ko babesa jaso zuen iazko iraileko hauteskundeetan.

Justizia «leheneratzailea»

Javier Zaragoza Espainiako Auzitegi Goreneko fiskalak adierazi du zigorra jasoa duten euskal preso gehienak ez direla sekula sartu «justizia leheneratzailearen» dinamikan, ekintzak euren gain hartuta. Bilbon egindako ekitaldi batean esan duenez, Justizia ezin da mugatu gaizkileari kondena jartzera, eta badaude «bestelako neurriak». «Justiziak humanoagoa eta justuagoa izan behar du».

Zaragozak uste du delitu ez hain larrien edota arinen kasuan justizia leheneratzailea «eredu alternatiboa» izango dela aurrerantzean. «Eragin positiboak gehiago izan ditzake negatiboak baino». Horren ondorioz biktimek erreparazio morala eta emozionala izango dutelakoan dago Auzitegi Goreneko fiskala.

Dena dela, uste du gaur egun Espainiako Estatuko esparru juridikoan ez dagoela nahikoa baliabide neurriak ezartzeko.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide