EH Bilduk estatutua betetzeko egutegia eskatu dio Madrili

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko urt. 24a, 00:00

Eusko Legebiltzarrean datozen hilabeteak «erabakigarriak» izango direla-eta, EAEko Estatutu Politiko berria zehazteko, EH Bildurentzat garrantzi handia dauka eztabaida horrek «abiapuntu sendoa» izateak. Horregatik, Espainiako Gobernuari eskatu dio bi hilabeteko epean Gernikako Estatutua osorik betetzeko programa eta egutegia igortzeko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari. EH Bilduk legez besteko proposamen batean jaso du eskaera hori. Mahaiak atzo bertan onartu zuen ekinbidea tramitera, eta osoko bilkura batean eztabaidatuko dute.

Maddalen Iriarte eta Pello Urizar legebiltzarkideen aburuz, estatus berriaren eztabaidaren ardatza erabakitzeko eskubideak izan behar du, eta, horretarako, bidean dauden «interferentzia» guztiak kendu behar dira. Haien ustez, Autogobernu Batzordearen lana estatutua ez betetzeak «blokatzen» du eta ez erabakitzeko eskubideak. «Alferrikakoa da eskumen berriez mintzatzea duela 39 urte aitortu baziren, baina oraindik bete gabe baldin badaude eta Espainiako Gobernua blokeo horretan tematzen bada». Estatutua betetzea «betebeharra» ez ezik, estatus politiko berria eztabaidatzeko eta adosteko «gutxieneko bermea» ere badela iritzi dio EH Bilduk, eta, horregatik, talde guztiei dei egin die eskaera horrekin bat egin dezaten.

Berme sistema bat

Bide beretik, beste legez besteko proposamen batean, itun politiko berriaren inguruko «berme sistema» bat ezartzea bilatuko du koalizioak. Hala, EH Bilduk Espainiako Gobernuari eskatu dio Eusko Legebiltzarrak hitzartzen duen akordioa «demokratikoki» aintzat hartzeko eta «errespetatzeko». Urizarrek azaldu duenez, taldeek estatus politiko berriaren oinarriak adosteari ekin aurretik, legebiltzarrak babestu beharko luke itun politikoak «berme demokratikoak» betetzen dituela, eta, era berean, Madrili eskatu adostutakoa osotasunean errespetatuko duela.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide