GEDen ekaineko giza katean parte hartuko duela jakinarazi du Egibarrek

Erabiltzailearen aurpegia berria 2018ko urt. 31a, 00:00

Joseba Egibar GBBko presidente eta EBBko kideak adierazi du parte hartuko duela Gure Esku Dago-k ekainaren 10erako iragarri duen giza katean, eta, halaber, esan du laguntzen ari dela Donostian udazkenean «kontsulta» egin dadin, «sinadura emanda». Radio Euskadiko elkarrizketa batean gogoratu du Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria zela Eusko Legebiltzarrak 2008an Galdeketa Legea onartu zuela, eta, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren debekuaren ondoren, «manifestazio bat» egin zutela «erabakitzeko eskubidearen inguruan». «Une hauetan ere egingo dugu. Koherenteak gara. Herritarren parte hartze hau ez da beharrezkoa; ezinbestekoa da», adierazi du. Aldiz, EAJk jakinarazi du, Egibarrek «pertsonalki» egin dituela adierazpen horiek. EBBk oraindik ez baitu esan giza katean izango den.

Donostia-Bilbo-Gasteiz arteko ibilbidea izango du giza kateak, 201,9 kilometrokoa, eta Gure Esku Dago-k dio gutxienez ehun mila lagun beharko direla. Joan den larunbatean iragarri zuen ekaineko mobilizazioa. Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak zioen ibilbidea hautatzeko kontuan hartu duela EAEko testuingurua. «Aurten, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikusi ditugu baldintzak eta testuingurua dimentsio honetako mobilizazio bat antolatzeko». Gure Esku Dago-ko ordezkariak aurreko astean Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin bildu ziren. Euren arteko lehen bilera publikoa izan zen.

Mahai ingurua gaur, Bilbon

Hegoaldeko lau hiriburuetan antolatu dituen mahai inguruekin abiatuko du GEDek Herritarron Ituna egitasmoa. Ongizatea, kultura, gure lurra eta herritartasuna landuko dira horietan, arloz arlo, eta hainbat eragilerekin. Gaur da lehenengoa, Bilboko Bizkaia aretoan (19:00). Ongizateari buruz ariko dira Garbiñe Aranburu, Jon Agirre, Emilio Olabarria, Adrian Zelaia eta Igor Mera. Moderatzailea: Helena Franco.

Osorik irakurri

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide